Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bermatua, lehiakorra eta iraunkorra

Bermatua, lehiakorra eta iraunkorra

Amatiño 2009/07/02 23:07
Edozenbat eibartarrek arazo dezente izan dute gaur goizaldetik aurrera, argindarrik gabe aurkitu baitute euren burua lanerako esnatu eta jaiki direnean. Ustebakoa gero. Segurutik gaurregungo mendebalde-gizarteak ez du inondik ere uste horrelakorik gertatu daitekeenik edozein astegun buru zuritan. Baina, bistan da gertatu gertatzen dela, oso lantzean behin baino ez bada ere.

Edozein energia-motak, ona izango bada, hiru baldintza bete behar ditu: bermea, lehiakortasuna eta iraunkortasuna. Bermea, hau da, segurua eta etenik gabekoa.  Lehiakorra, kontsumitzaileek onetsi dezaketen aukeran eta prezioan. Eta iraunkorra, ingurumena gogoan izango duena.

Diru-arazorik eta ingurumen-ardurarik  ez duen kontsumitzaileak bermea baino ez du gogoan izango. Ekonomilariak esango du garrantzitsuena lehiakortasuna dela eta buruan ekologiarik besterik ez duenak, aldiz, iraunkortasuna. Baina soluzioa, inon egotekotan, hiru baldintzetan dago.

Energia-zerbitzuak bermea behar du, inork ez luke-eta kirofanoan dagoen artean argindarra joan zedin nahi. Energia lehiakorrari lehentasuna eman behar zaio, besteak beste hain lehiakorrak ez direnak lehiakorrago izaten zaildu daitezen. Eta, hirugarrenik --last but not least-- iraunkorra izan behar du, benetan etorkizunik izan dezan.

Hiru baldintzok erabat betetzen dituen energiarik ez dago, oraingoz behintzat. Nolabait esateko, eolikoak ez du etenik gabeko jarraipenik bermatzen, hidrogenoa ez da lehiakorra eta  energia fosilak ez dira iraunkorrak. Edota, beste modu batez esanda, energia-mota guztiek dute alderdi onen bat: gasak sistema eolikoa segurtatzen du baina CO2 eragiten. Nuklearrak hondakinak sortarazten ditu baina ez CO2rik ixuritzen. Petrolioa guztiz lehiakorra da, garraiotan batez ere, baina ez da iraunkorra, etab.

Soluzioa, gaur gaurkoz, harako mix energetikoan baino ez datza. Eta mix energetikoaren aurka dagoenak hiru baldintzotakoren bati uko egiten dio. Beste kontu bat da energia-gazta mistoaren proportzioek zeintzuk izan behar ote duten. Baina hau beste eztabaida bat da, unean unekoa eta lekuan lekukoa.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: