Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Berdintasuna

Berdintasuna

Amatiño 2011/01/23 22:00
Hogeita hamaika egun gose-greban aritu ostean Jose Luis Lago Basurtoko eritegian ospitaleratu zuten atzo, bronkitisak jota eta egoera larri samarrean. Gizonezko honek Gabonak aurretik ekin zion ageriko protestari, epaiketak besterik erabaki arren emazte-ohiak semearekin biltzea ukatu dio-eta. Aitortu behar dut ni ez nintzatekeela sekula albiste honen aurrean segundo erdi ere geratuko bezperan aspaldidanik ezagutzen dudan lagunarekin topo egin izan ez banu.

Aurreko ostirala, hilak 21, Muskizko Somorrostro Irakasgunean Marcelo Gangoiti Sariaren emanaldia. Urteroko sariketa, urteroko bilera, urteroko hainbat aurpegi ezagun, lankide zahar eta aspaldiko lagun. Besteak beste, bost urte luze eta zail (1999-2004) elkarrekin lubaki berean jardundako kazetaria. Kaixo, aspaldiko, zer moduz emaztea, alaba eta gainerakoak?

Ez ondo. Banandu egin naiz. Edo, hobeto esan, banandu egin naute.

Egun batean, afalostean, esan zidan: “gauza bat esan behar dizut”. Ba zuk esan. “Konturatu naiz ez zaitudala maite eta, beraz, ez du zentzurik elkarrekin jarraitzeak”.

Hurrengo egunetan deitu zidan bere abokatuak. Kontuak, ondasunak eta horrelakoak konpontzeko. Oso pasarte txarra, gogorra. latza. Baina hori da gutxiena. Alaba kendu dit. Berak erabaki ez nauela maite eta nik alaba galdu. Ez da batere justua.

Ez dakit benetan zer den justua, zer esanik ez laguna lur jota ikusita. Bai, jakin badakit beste bertsioren bat ere izango dena, gauzak zeharo konplexuak direna badakit.  Baita denentzako irteera egokiak aurkitzea zaila dena ere. Baina baten batek ekin beharko lioke behingoz berdintasuna non hasten den eta non amaitzen azaltzeari.

custodia03

Amatiño
Amatiño dio:
2011/01/24 15:42

Bat nator zuk diozunarekin: "Banaketari ekiteko orduan, helduak bere buruari baino, bere seme alabei begiratu behar die". Nik ez dut esaten Salomonenak egin eta umea bi zati berdinetan banatu behar denik. Baina nork erabakitzen du zer den onena seme-alabentzat?

Gurasoen artean erabakitzen baldin bada, berdintasunaren seinale da.

Aldez aurretik uste baldin bada amaren aukera hobea dela, hori ez da berdintasuna.

Eta, dena dela, amak epailearen erabakia betetzen ez baldin badu... ba zuk jarri izena.

kae
kae dio:
2011/01/24 13:54

Berdintasuna ote da zuk azaldutako egoera horren atzean datzana? Seme-alabak dituen bikote bat banatzen denean edo sarritan gertatzen den moduan batek bestea " banatzen duenean", kasurik onenetan helduek gauzak ,ondasunak,inguruabarrak banatzen dituztela, eta modu berean banatzen dituzte umeekin egoteko denborak, ardurak eta bestelakoak. Eta banatze hau,helduen ikuspuntutik egiten dute - eta diskurtsoaren zati honetan nire burua sartuko dut- helduen ikuspuntutik egiten dugu; ustez, umeentzako onena nahi dugulako, umeei kalterik txikiena eragiteko. Eta intentziorik onenarekin egiten badugu ere, helduen ikuspuntutik egiten dugu, eta gehiegitan ( batek egiten badu gehiegi delako) umeak moneta gisa erabiltzen ditugulako . Bikote-banaketak ohiko bihurtu diren gizarte honetan, ez al da paradigmaz aldatzeko garaia? Umeak ezin dira banatu, ardurak ezin dira banatu, konpartitu egin behar dira banaezinak direlako. Banaketari ekiteko orduan, helduak bere buruari baino, bere seme alabei begiratu behar die, hori dakar ama/aita izateak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: