Berbelitzen inguruko kontu eibartarrak
Atorrante. Hara, ez omen da euskal hitz petoa, arrotza baizik. Untzagan, 1960ko hamarkadan, Argentinatik bueltan etorritako lehengusuek (2) baino ez zuten horrelakorik esaten. Euskaraz, berriz, sekula entzuteke nuen, nerabetan Zarauzko "Paxo"ren lagunartean belarria jarri arte. Helduberri, hiru motatako adiera ezezagunak sumatu ohi nituen: inbidia emateko besteko jator-jatorrak (Zarautzan gatxaudek!), folkloriko samarrak (txaparroak) eta belarriko mina eragiten zigutenak (atorrante (3) eta nazkante). Zelan baina eibartarrak zarauztarrari (4) ezer esaten hasi? Normalena ez ote bertakoa normaltzat hartzea? (5).
Klaudia Arrizabalaga. Letretan behintzat, Toribio Etxebarriaren emaztea ez da oso ezaguna. Egokia gero, Koldo Zuazoren laguntzaz, “emazte ezkutuari” egiten zaion aitortza. Berbelitzek aukeran eman bezala, “Eibarko Lexikoia oso da kaletarra, hiztegiari langile munduko gasolio--distira gehiago dario, baserriko ukuilu-usaina baino”. Eta Klaudiak, senarrari lagundu ez ezik, zuzendu ere "asko-asko" zuzentzerik izan zuen antza. Horra ba, eibartarren artean batere zabaldutako iritzi ona eta inor gutxik zekien datu zehatza, besteak beste alea (Euskera, 1965-1966) kontrazaleraino heldu aurretik ixteagatik.
Ojaleetan egon. Oihaletan edo oihalezko fardeletan dauden haurrak omen. "Eibartarrek erabiltzen duten espresio edertzat" jotzen du Lertxundik. Bai, baina Toribio Etxebarriaren Lexikoian datorrena "ojalia" da, ez "oihala".
"Oihal" hitza bizkaieraz "oxal" edo "ojal" bihurtzea zentzuzkoa da, Koldo Mitxelenak (Fonética Histórica Vasca, 1961) aspalditxo jaso zuenez. Ez dena hain normala da Gipuzkoako mugan agertzea, gainerako Bizkai osoan "ohial" era askoz ere sarriago dokumentatua egon arren. Eta inondik ere normala ez dena, berriz, "oihal" hitza, zelan eta eibarreraz, "ojalia" bilakatzea.
Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian berrehundaka bider jasotzen da "oihal", bostpasei aldiz "oxal", "ogal", "oijal" edo "ojal", eta behin baino ez, ostera, "ojale", hain zuzen ere Toribio Etxebarriaren adibidean (ikus 4. puntuan). Hau da, jatorrizko hitza "oihal" balitz, Eibarko haurren fardelak, onenean ere, "ojalak" lirateke, ez "ojaliak"; eta jaioberriak "ojaletan" egongo lirateke, nekez, aldiz, "ojalietan".
Berbelitzen paperek "ojale" (botoien ojalea) eta "ojala" (ojala hau, ojala hori) hitzen aukerak ere gogoan dituzte jatorria erabakitzerakoan. Nik esango nuke eibartar senak erabat onartzen duela lehen aukera (ojale), ez horrenbeste bigarrena (ojala). Toribio Etxebarriaren "gure asmuak ojalietan dagoz ondiokan" esaldiak zentzu osoa izango luke lehen kasuan. Baina bigarrenak, behar bada, beste esaldi hau lehenetsiko luke: "gure asmoak ojalatan dagoz ondiokan".
Tradizio erotikorik eza ezin ba Euskal Herrian harrigarriegia izan. Kontalariak ondo asko iradokitzen duenez, “Azkuek, Aita Donostiak, Antonio Zabalak eta enparauek kanta erotikoen-eta bizitasuna eta freskotasuna jaso izana litzateke harrigarri“ (6). Iruzkinak gogorarazi dit gure ama zenak, nire neska-mutilen arteko harreman hasiberriez jabetu eta, 14-15 urte baino ez nituela esan zidana: “Ez pentsau gero neskok zeuek nahi dozuena egin nahi izango dabenik beti. Aurretik galdetzen be ikasi!”. Ez dut uste orduan ganoraz ulertu nionik adierazi nahi izan zidana eta, damurik, behar bada ez naiz beti esanekoa izan, baina sei-zazpi hamarkada geroago bada oraindik galdetzen ikasi ez duenik.
Txapeltxikia. Nahiz Lertxundi Barojaren iritzi bereko ez izan, txapelaundi eta txapeltxikien arteko arrakalaren barruan don Piok bere burua txapelaunditzat (irekia, liberala, eskuzabala) jo arren, Eibarko zenbait girotan "txapeltxiki" esaten zitzaion nobelagile donostiarrari, baina, behar bada, ez ezelango arrazoi sasipolitikorengatik, ziria sartze aldera-edo baino, idazleak eraman ohi zuen txapel ziztrina juduen burukoa bezain txikerra zelakoan. Bidasoko mundu barojarra izan genuen hasieran gogoko baina, gerora, Soldevila historialari katalana (7) eta Julio Caro Baroja iloba (8) tarteko, Deba Arroaren XVI. mendeko iragan industrialaz jabetu ostean, ehundaka urte atzeratua iruditu zitzaigun zenbaiten erromantizismo berankorra. Ez, Eibar ez zen, ez, Garoaren eta Kresalaren ereduetan sartzen, baina ez eta Barojaren gutxiespenetan ere. 1953 urtean argitaratu zen haren El País Vasco gidaliburua eta, bostehun orrialdetan barrena, honako hau da Eibarri buruz idatzitako guztia: "Después de Eibar, con sus fábricas de armas, bicicletas, etc., que ni siquiera dejan sitio para los campos, se entra en la provincia de Vizcaya por Ermua." Ez gehiago eta ez gutxiago. Ezin ba, Eibarren behintzat, txapel handiaren saririk merezi.
1) Eskarmentuaren paperak (2009), eta Itzuliz usu begiak. (2019).
2) "Sos un atorrante".
3) Nork daki zein jatorri duen. Bada gaskoiek Argentina aldera eraman ote zuten uste duenik. Okzitainiera, gaskoiera zein biarnerazko hiztegiek "torrar" hitza biltzen dute. Plazido Mujikaren hiztegitzarrak "atorrante" jasotzen du castellano-vasco alean, baina ez, kontrakoan. Eta, "nazkante", berriz, ez da agertzen, ez batean eta ez bestean.
4) Nire ama zenak esan zuen bai, Zarauzko merkatu aurrean, "errekauak" egiten ziharduela eta txaplataren batek azkar asko erantzun: "Hara, errekauak... eibartarren euskera!". Eta, gajoak galdetu: "zelan da ba? -- Enkarguak neska, enkarguak!"
5) Amama Segundak berak kontatua. Txikitako laguna komentuan sartu zuten eta lehen bisitan galdetu omen zitzaion: “Eta, egixa don errezu danak latinez dirana”. Eta moja gaztetxoak erantzun: “Bai-bai, Gloria Patri izan ezik, dan-dana latinez”.
6) Eta gordinki ezarrri: "Nor ausartuko zitzaion, gizonezko zein emakume, ezer erotikoa kantatzera edo kontatzera Azkueri, ez luzeran eta ez zabaleran amaitzen ez zen sotana beltza soinean zeraman apaiz ahots grabeari?"
7) Historia de España. Bartzelona, 1962.
8) Los vascos y la historia a través de Garibay, Donostia, 1972.