Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Benitoren azken txanpa

Benitoren azken txanpa

Amatiño 2012/11/20 15:10
Benito Lertxundik ekin zion, aurreko astean, hiru hilabetean zehar eskainiko duen zortzi saiotako kantaldi-andanari, Zallan, Donostian, Bilbon, Ermuan, Tolosan, Iruñean, Portugaleten eta Laudion. Benitok eginak ditu honezkero egin beharreko “etxeko ariketa” guztiak edo gehienak… ETBk, barrena hiru aldiz, eskaini izan dion grabazioa edo izan ezik.
Benitoren azken txanpa

Benito Lertxundi, 1970

Sortu bezain laster eskaini zion ETBk Lertxundiri lehen grabazioa egiteko abagunea, 1986 urte inguruan. Bigarren aldiz, berriz, 1998an, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera Tolosan izan zuen kontzertua tarteko. Eta hirugarrenez, oraintsu, duela hiruzpalau urte, Elkar argitaletxea jakile. Hiruetan Orioko bardoak atzera egin zuen hainbat barne-zalantza larri ostean.

Jakina da Benitok ez duena bere burua batere eroso sentitzen telebista-kameren aurrean kantatzen eta, esan gabe doa, ezin zaiola inori gustuko ez duenik egin dezan eskatu. Baina, hala ere, esan ere esan behar ez dela erraz ulertzekoa, han-hemenka aretoz areto diharduen kantaria izaki eta estudiotan grabaturiko hogei inguru diskoren egilea.

Michel Labéguerie, Mikel Laboa, Julen Lekuona, Lurdes Iriondo, Xabier Lete… hirurogeigarren hamarkadako kantari-belaunaldia joan badoa eta penagarri litzateke Benito Lertxundiren erregistrorik bildu ez izana. Oriotarrak 70 urte ditu dagoeneko eta pentsatzekoa da honezkero ez duela sekula sekulorum gero eta hobeto kantatuko, urteak aurrera egin ahala gero eta kazetari hobeak izango ez garen bezalaxe.

Oholtza gaineko Benitok behar luke ahalegin berezia egin eta, emeki-emeki, hainbat grabazio burutu, berandu baino lehen. Aurten ez bada, datorren urtean izango da, eta datorren urtean ez bada hurrengoan, baina azken txanpa hartzeko txandak amaitzen ari zaizkio.

Eta ez, kalitatearen aitzakiaz eta jendarteko berotasunik ezaz, senik itsutu. Behin adin batera iritsiez gero grabazioak badu zuzenekoak ez duen makinatxo bat alde on, Kursaaleko azkena lekuko. Ez du balio, ama birjina guztiz garbiaren sindromeaz, mundu honetatik telebista-orbanik gabe joan nahi izateak. Benitok nahi edo ez, bere bideo piratak hor daude sarean, zein baino zein petralagoak, eskasagoak eta ganorabakoagoak. Hori baldin bada berrogei urtean "eskaparatean" egon den profesional txukunak utzi nahi duen oinordetza… ez dut ezer ulertzen.

Ez gero, Benito, geroko gerotan geratu. Damutu egingo haiz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: