Bengoa vs Unzalu
Bengoari entzun diogu zio nagusitzat, aurreko deiak zeudela “mal concebidas por ir demasiado rápido con la euskaldunización" Azkarregi eta geldoegi kontzeptu guztiz subjektiboak dira eta segurutik sailburu jaunak hainbat arrazoi izango du esaten duena esateko baina ez dakit ba nik bera ote den euskalduntze-abiada gogoan hartzeko neurririk egokiena. Nik 1980an Euskara Zuzendari gisa hasiera beretik ezagutu nuen Osasun Sailak hogeita hamar urte baino gehiago ditu honezkero, Bengoa jaunak gutxienez hogei urte daramatza administrazio publikoaren inguruan eta, nonbait, ez du sekula euskara ikasteko denborarik izan… ingelesez ikasteko behar beste betarik aurkitu duen artean antza.
Nik ez dakit nor den sailburu hobea, oraingo Bengoa ala lehengo Inclan; baina aurrekoak euskaraz ikasteko sekulako ahalegina egin zuen eta oraingoak, aldiz, ezer gutxi. Ez dut inondik ere uste azkarregi dihardugunik baina, hala balitz ere, Inclanek beste horrenbeste esan izan balu sinetsi egingo nioke, eta Bengoari, ordea, ezta araudi hipokratikoaren aurrean zin egingo balu ere.
Ikaragarriak, berriz, Andoni Unzalu adiskideak Euskadi Irratian esandakoak. Zenbat esne-berba ezer ez esateko, zenbat jira eta buelta berak ere sinesten ez dituenak frogatzen ahalegintzeko. Nork esan du hiritar guztiok lanpostu publikoez jabetzeko eskubide berberak ditugula? Nik ez daukat behintzat aukera bakar bat ere Osakidetzan lanegiteko, besteak beste administrazioak eskatzen dituen baldintzak betetzen ez ditudalako.
Inor ez da jakitun jaiotzen, ez bederen Osakidetzaren azterketak gainditzeko lain. Herri-administrazioari dagokio baldintzak jartzea, indarrean dagoen legeriaren, ideologiaren eta bokazioaren arabera. Bengoak eta Unzaluk ordezkatzen duten administrazioak zilegitasun osoz hartu du hartu nahi izan duen jokabidea. Baina, mesedez, ez hartutako jarrera oinarrizko giza-eskubidez jantzi.
Eta, gainera, Bengoaren eta Unzaluren arrazoiak ez al dira ba elkarren kontrakoak? Esangura dut, zein da benetako arrazoia? Hots, Bengoaren ustez orain arte indarrean egon den sistema ona zen, nahiz bizkorregia izan, ala, Unzaluk salatu bezala, euskaraz ez dakiten hiritarren oinarrizko giza-eskubideak urratzen zituen?
Ha parea, marraskiloa eta barea.
Andoni Unzalu eta Rafael Bengoa