Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Benetako zaletasun miresgarria

Benetako zaletasun miresgarria

Amatiño 2023/10/05 08:00
Aurreko zazpi egunetan, Bilboko Koral Elkarteko 8 urtetik 18ra bitarteko 50 kidek 1.235 km. egin dituzte, Hego Euskal Herriko hiriburu bakoitzean bost minutu kantatzeko. Mahlerren 3. Sinfoniaren bost minuturik berezienetakoak, behar bada, baina bost minutu besterik ez. Horretarako, ondo kantatzen ikasteaz gainera, lehen eta behingoz, benetako zaletasuna behar da.
Benetako zaletasun miresgarria

Enrique Azurza, Bilboko Koralaren zuzendaria

Ostiralean hasi eta bart gauera arte, Euskadiko Orkestrak eta Bilboko Koralak elkarrekin eskaini dute Gustav Mahlerren 3. Sinfonia, Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Donostiako (2) bost kontzertutan, aurreko bi egunetan pare bat entsegu nagusi Miramongo egoitzan egin ostean.

Erromantizismoaren azkenetako sinfonietan galantenetakoa, orkestra handietarako konposatu zuen Mahlerrek bere hirugarrena, ezohiko sei mugimendutan (aurrenengoa ordu erdi luze)  eta bi korurekin, emakumeena zein neska-mutikoena eta kontralto bat.  Guztira, ereslanak dirau 95 minutu eskas, zeinetatik koruek bost minutuz baino ez duten kantatzen (alemanez). Bost minutu nabarmen garrantzitsu eta azpimarragarriak, baina bost.

Ez dakit nik azken unean areto nagusira heldu eta kontzertua entzuteko patxada handiz eseri ohi garen entzuleok jabetzen ote garen tramoia horren guztiaren atzean hainbatek egiten duen aparteko ahaleginaz.

Lana lan eta lanbidea lanbide, orkestrako musikariak profesionalak dira eta ez da hor beste edozein lan-motak ez duen meriturik, eta koruko emakumeak, besteak beste, larriak dira. Baina zer esan, ordea, zaletasun hutsez han-hemenka jardun behar duten neska-mutiko kantariez? Zer esan, Bilbotik irtenda, Iruñean kantatzeko, esaterako,  egin behar izaten duten sei-zazpi orduko jardueraz? Zer esan orduz kanpo lagun dituzten senideez? Niri miresgarria iruditzen zait.

Zalantzarik ez, gero, neska-mutiko horien musika-zaletasuna handia dela, baina baita ikasteko grina, saiatu nahia eta zaildu beharra ere. Diziplina gogotik zorrotza, ze, gauza bat baita 95 minutuko kontzertuan zehar 5 minutuz baino ez kantatzea, eta beste bat, gainera, 90 minutu isil-isilik, zintzo-zintzo, geldi-geldi, eszenategian egonean egotea, orkestrak bere kasa jarraitzen duen bitartean. Nork esan du gaurko gazteek ez dakitela luzaro bare egoten!

Berebiziko esperientzia bizitzen ari diren 50 gazte, ilusioz josiak, gogotik zirraratu eta hunkituak, lan-inguru profesionala bertatik bertara ezagutzen, sekula munduan izan den ereslanik onenatakoa kantatzeko prestatzen, mila edo bi mila enzuleren aurrean...  Nork daki denek kantari edo musikari profesionalak izaten amaituko ote duten noizbait, baina, zer gerta ere, seguru, behintzat. ez direla erraz galduko.

EOS + Bilboko Korala
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Elkartearen bi korurekin. Zuriz, gaztetxoak; ilunez, emakumeak. Musikarien artean, ezkerraldean zutik, Justina Gringyté mezzosoprano lituaniarra.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: