Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Benazir Buttoren erredentzioa

Benazir Buttoren erredentzioa

Amatiño 2007/12/28 21:15
Emakume hau aspalditxodanik gustatu izan zait, bai behintzat orain dela ia hogei urte bere autobiografía (Benazir Bhutto. Hija de Oriente. Seix Barral. Barcelona, 1989) irakurri nuenetik. Honelako autobiografietan ez da jakin izaten zenbaiteraino den “auto” eta zenbat “biografia” --batere normala ere ez 36 urterekin biografiarik egitea-- baina, edozein modutan, argitara emandako produktuaren irakurgarritasuna ezin gero ukatu.

Liburuaren izenburuak berak aditzera eman bezala, Benazir Bhutto (1953-2007) ez zen, ez, mendebaldeko alaba, ekialdekoa baino, eta ikuspegi horretatik baloratu behar dira haren nondik norakoa, gizarte-jarrera eta politikagintza. Galbahea mendebaldeko neurkinetara egokituz gero, pertsonaiak ez du salbaziorik. Kontua da, ordea, zenbateraino balio izan ote duen haren ahaleginak Pakistango bertako egoera hobetu beharra aztertzerako orduan. Zer balio ere, Pakistan laino dago, lainoago, osteguneko atentatuaren ondotik.

Besteak beste, Benazir Bhutto Pakistango kontraesanen adierazle ona da. Bere aita zenak, Zulfikar Ali Bhutto, zientzia politikoak ikasi zituen Berkeleyn zein lege-ikasketak egin Oxforden, eta Pakistanen historian sekula herritarrek hautatutako lehen agintaria izan zen. Baina, hala ere, aita berak erabaki zuen, tradizioari amore emanez, Benazir-ek norekin ezkonduko.  Baita mendebaldeko hainbat unibertsitatetan hezitako alaba aurrerakoiak txintik esan gabe onartu ere.

Familiaren politikazaletasuna aurretik zetorkien biei, ez baitzen alferrik Shah Nawaz Khan Bhutto aitona izan Pakistango lehen alderdi politikoa sortu zuena, 1947 urtean. Bhuttotarrak betidanik izan bide dira jauntxoak eta Benazir Bhutto ipuinetako printzesa izan zitekeen XIX mendean jaio izan balitz baina, XX. mendean sortu zenez gero, bere herriko emakumeen eskubideen alde saiatu zen beste inor baino nabarmenago, inoiz zehatz jakingo ez dugun arren konbentzimenduz ala estrategia politiko hutsez izan ote zen.

Hala eta guztiz ere, ez du inork esango Bhutto sendia buru-belarri ahalegindu ez denik, hiru belaunalditan zehar, Pakistango sistema demokratikoa indartzen. Seguru, bhuttotarren demokrazia-zentzua ez dela mendebaldean homologagarri, jakinekoa boterea euren mesedetan erabili izan dutena eta, zalantzarik ez gero, ondasun familiarra potolotzeko baliatu izan direla politikaz. Baina egia ere bada, Ali aitak (1979),  Shahnawaz semeak (1985) eta Benazir alabak (2007) larrutik ordaindu dutela euren ekintza publikoa.

Auskalo heriotzak edozein jarrera erredimitzeko balio ote duen baina, gutxienik, zer pentsa ematen du.

etiketak: Pakistan Bhutto
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: