Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Belaunaldi berriak, egitasmo berriak

Belaunaldi berriak, egitasmo berriak

Amatiño 2012/12/15 23:50
Jaurlaritza berria ganorazkoa iruditzen zait. Emaitzek esango digute espektatibak beteko ote dituen. Baina ez dezala gero indarrik txikerrena ere esne-berbetan uxa, gure ahal guztiak dugunari eusteko eta zulotik ateratzeko behar izango baititugu. Belaunaldi berriak, egitasmo berriak.
Belaunaldi berriak, egitasmo berriak

Gernikako Haritzaren azpian...

Jaurlaritza berria indartsua iruditzen zait, gaitua, ahaltsua, ganorazkoa. Ez dakit benetan honela delako ala nik neuk sailburu erdiak-edo ezagutzen ditudalako. Badakit objektiboegia ezin naizena izan, baina egia ere bada, normalean behintzat, hitzegiteko beti ere komenigarri izan ohi dela aldez aurretik ekaia ezagutzea.

Emaitzek esango digute Jaurlaritza honek espektatibarik beteko ote duen baina badirudi abiapuntu bitan bat etor gaitezkeela gutako dezente asko. 1- Ezin esan trantsiziotzat jo daitekeen gobernua denik. 2- Inork ez dio onetsiko lehengo lepotik jarraitzea.

Burujabetza, independentzia, estatus berria eta honelako “lamina-kantak” zilegitasun osoz aldarrikatzen dituztenen aurrean, eskubide berberaz zilegi bekit niri adieraztea, gaur eta hemen Euskal Autonomia Erkidegoan ditugun altxorrik onenak direla: 1979ko Estatutua, Kontzertu Ekonomikoa eta Espainiako Konstituzioak Hego Euskal Herriko lau lurraldeei egiten dizkien aitormenak. Betoz hortik aurrera etor daitezkeen guztiak eta gehiago, baina argi eta zuhur gero, ez dakigun gerta eskuartean duguna arriskutan jartzea hainbat sukarturen aldarri antzuen eraginez eta trukez.

Gaur eta hemen, Gernikako Estatutua da gure ahalbiderik preziotsuena eta inondik ere ez, gero, zabarkeriaz edo handikeriaz, gainditutzat jo dezakegun eredua. Ereduren bat zaharkitua baldin bada, ez da indarrean dugun azpiegitura juridiko-politikoa, beronen baliabideez eta jokamoldeez azken hogeita hamar urteotan bilbatu edo txirikordatu dugun erakunde-sarea baizik. Alegia, EVE, SPRI, Teknologia-zentruak, Unibertsitatea, HABE, ETB, Ertzaintza eta gainerakoak. Guztiak ere aurreko belaunaldikoak dira-eta, honezkero.

Eta, hain zuzen ere, Jaurlaritza berriari ez dagokio, ezelan ere,  eztabaida existentzialistatan alferrik galtzea, gizarte honek ekonomiaz, lehiakortasunaz, ingurumenaz, kulturaz, hezkuntzaz, hizkuntzaz, segurtasunaz eta bakebideaz aurrera egin dezan urraspide eraberrituak asmatzea, jorratzea eta eguneratzea baino.

Ez dezagun gero indarrik txikerrena edo denborarik urriena esne-berbetan uxa, gure ahal guztiak behar izango baititugu dugunari eusteko eta zulotik ateratzeko. Gero gerokoak.

Gernikako ziina Urkullu

Gernikako Junta Etxea, gaur

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: