Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Belaunaldi berri osoaren erronka

Belaunaldi berri osoaren erronka

Amatiño 2021/10/07 19:55
“Bilboko Adierazpena"ren sinadura ofizialaz amaitu da, gaur, bi egunetan zehar eta hogeitaka lan-talderen inguruan, Euskalduna Jauregian eratutako SUMBio'21 (Sustainable Urban Mobility) kongresua, Bilboko Udalak eta Petronorrek antolatua, 35 erakunde, unibertsitate, teknologia-zentro eta enpresaren laguntzaz.

Nekez izan daiteke zeharo objektiboa nik hemen 25 lerrotan laburbiltzea bost kontinenteetako 90 adituren eztabaidak eta Adierazpen ofizialaren 10 konpromiso nagusiak. Hala ere, egitekotan, nik neuk hiru zertzelada azpimarratuko ditut.

Trantsizio energetikoa

Izenak berak dioenez, lehen eta behingoz, trantsizio energetikoa da trantsizioa. Hots, helburua baldin bada 2050 urtean erabateko deskarbonizazioa lortzea, egitasmoak ia hiru hamarkadako zeregin luze eta saiatua eskatuko digu eta, beraz, indarrean jarri beharreko neurriak ezin izango dira hurrengo hiruzpalau urterako soilik pentsatu (1), belaunaldi berri osoaren erronka izango baita.

Erdietsi beharreko iraungarritasuna ez da ingurumen-kontua soilik. Iraungo badugu, gizarteak eta ekonomiak ere behar izango dute iraunkor izan. Teknologia-berrikuntza behar izango da, eta industria da berrikuntza hori sustatzen eta eragiten duen bakarra. Industriarik gabe ez dago teknologia-berrikuntzarik.

Neutralitate teknologikoa

Deskarbonizazioa da helburua eta trantsizio energetikoa, berriz, trantsitua. Helburua ez da bitarteko teknologiak aurrez baldintzatzea. Helburua ez dago eztabaidan, baina helburua lortzeko bitartekoek behar dute elkarren artean lehiatu. Ezin bestekoa da neutralitate teknologikoa, helburua lortzeko dema horretan teknologia guztiek elkarren kontra lehiatzerik izan dezaten eta onenak irabazi.

Erregulazioa

Europak behar du estrategia bateratua, inork jarritako tranpan erortzeke (2). Erregulazio bateratua, ez atomizatua. 

Erregulazioak behar du zentzuzkoa izan, justua eta errealista. Nekez izan dezake senik, oraingo hainbat aldarriri presaka eta harrapataka jaramonik egitearren, hainbat urte gutxi barru, oraingo aldarrikatzaileok lanik gabe utzi behar izateak gero (3).

SUMBIO21
Erdian, Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea

1. Espainiako beribilen parkeak 12 urte ditu batez beste eta, honezkero, Europako zaharrenetakoa da. Euskal automozioaren etorkizuna ezin da izan orain dieselik ez erostea, 2050 urtean balio izango ez duelakoan. Ezin jakin zelakoa izango den 25 urte barruko autoa, orain 25 urte inork ez zekien bezala zelakoa izango zen egungo telefonoa. 

2. C02ren isuriek ez dute lurralde-mugarik ezagutzen. Nork bere burua engainatzea da, Europan isuriak saihesteagatik ekoizpena mugaz handi eramatea (sistema kutsagarriagoez ekoizteko) eta, gero,  Europak produktu kutsagarriago horiek erostea, bertako lanpostuak galtzeaz gainera.

3. Irtenbidea nekez izan daiteke bateriak Asian egitea, hamar urte barru orain txipekin gertatzen ari dena gerta dadin bateriekin ere. Ikasiko al dugu!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: