Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Behin batean Loiolan

Behin batean Loiolan

Amatiño 2022/12/12 20:55
Hirurogei urte ez dira, gero, artaleak. Hirurogei urte, bai, Piarres Larzabalen antzerkiak irakurtzen genituela Auspoa Liburutegian: “Hiru ziren”, “Herriko bozak eta nor alkate”, “Senperen gertatua”… hura bai zela militantzia, alferkeriarik eza eta edozer ikasteko eta irakurtzeko gogoa…

Geroztik ez dut uste sekula antzerkirik irakurri dudanik, oraintsu Iñaki Cid Larrearen Behin batean Loiolan parean egokitu arte, ez baitu alferrik Donostia Hiriko Kutxa Literatura 2022 Saria irabazi eta, Elkar tarteko, argitara eman berri.

Protagonistak (zentzu guztietan) publikoari diotsanez, “… horrela hasi zen dena, beilatoki batean. Ez esan historiak ez daukala abiapuntu ezin hobea. Hemen kontakizun potente bat zegoen. Argi neukan. 65 urteko emakume jubilatu batek bere seme homosexualari kontatzen dio 15 urterekin neskato batekin erromantze bat izan zuela <… > amodio liberala, sorginak, meta-antzerkia eta feminismoa. Hemen dramaturgia ez badago esango didazue non bestela.” Eta, nago, sarrera horrekin dena esana dagoela. Hortik aurrera iruzkin merketan jarraitu nahi izatearen arriskurik txikiena errepikapenetan galtzea izan daiteke.

Iñaki Cidek grazia, umorea eta ironia ditu. Hiruak ditu, ez dira-eta berdinak. Grazia du, berez konplexu samarrak diren gaiak labur eta artez arte kontatzen asmatzen duelako; umorea, barre eginarazten digulako; eta, ironia, berriz, zer pentsa ematen digulako. Benetan artista. Artista hirukoitza.

“Behin batean Loiola” antzerkiak --azken orrialdeko eskaintzari jaramonik egingo badiogu--, nolabaiteko autolaguntza filosofiko edo psikologikoa ematen duen arren, irribarrez egindako autokritika larria da: “Bai, ni gay naiz, oso irekia, oso modernoa, bakoitzak maita dezala nahi duena, denok gara libre… baina hobe zure amak heterosexual izaten jarraitzen badu, ezta?”

Autokritikarik ez da, ez, “Donostiako Loiolan" falta. Kritika, modernoegia izateari datxekion beldurrari, euskarari onartzen diogun exigentzia urriari, euskañolez hitzegiteko joerari, gaztelaniazko literatura konbentzionalari egiten diogun menari, gizonezkoen sinpletasunari, emakume matxistei, homosexualen espezie espezifikoari eta, oro har, gure kontraesanak onartzeko zailtasunari eta eskasiak zilegiztatzeko erraztasunari.

Segurutik, edozein antzerki-idazlani gerta dakiokeen linborik handiena dateke sekula santan ez taularatzea. Auskalo “Behin batean Loiola” honek kritikaren zerurik edo infernurik lortuko ote duen inoiz, baina, nago, taula gainera igotzeko dohain, meritu eta abagune guztiak dituela, saritu duen epaimahaia Mireia Gabilondok, Eneko Olasagastik eta Dorleta Urretabizkaiak osatzen baitute.

´Guraso ponte´ horiekin etorkizuna berea da. Eta gainerako guztiok antzezpena ikusteko gauza izan gaitezela. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: