Begoña, Peronekin euskaraz ikasi zuen neskatila
Begoñaren ama, Maritxu Aranberri “Villabellanekua”, nire lehengusina zen, bizi balitz orain, 109 urte izango zituen arren. Haren aita, tio Gregorio, nire aita besoetakoa, hemezortzi anai-arrebetatik zaharrenetakoa zen eta nire aita zena, berriz, gazteena. Horra zergatik Maritxu eta nire artean 34 urteko aldea zegoen, eta Begoña, nire iloba “txikia” izan arren, ia nire adin berekoa zen.
Maritxu 1934 urtean ezkondu zen, Arraten, Koldo Ormaetxearekin, eta, ondotik, bi alaba izan zituzten Nere (1935) eta Maite (1937). 1936ko gerran, Koldo gudarien komandantea izatera heldu zen eta 1939tik aurrera alde egin behar izan zuen Argentinara, non Maritxu elkartu zen urtebete geroago. Geroztik jaio ziren Gaizka (1942) eta Begoña (1947). Gaurtik, Gaizka baino ez da bizi. Eta guztira, hamahiru biloba eta beste hainbeste birbiloba argentinarrek osaten duten Koldo eta Maritxu eibartar bikotearen oinordekotza.
Gogoan dudanez, Gaizka eta Begoña 1960ko hamarkadaren hasieran etorri ziren, estreinako, amets zuten Euskadira. Gaztetxoa nintzen arren susmoa dut ez zitzaiela hemen aurkitu zuten giroa lar gustatu. Edo ez zela behintzat Koldo eta Maritxu gurasoei beti entzun izan zien bezain gozoa, gogotsua eta euskalduna. Hain zuzen, nahiz eta besterik itxaro, euskaraz beraiek baino dezente gutxiago zekiten lehengusu-lehengusina eibartarrak ezagutzeko aukera etsigarria izan zuten: “Es que… ya sabéis… con Franco…” – “¿Franco? Pues nosotros hemos aprendido con Perón!”
Nahiz ama eta seme-alabak hegoaldera etorri, Luis Ormaetxea aitak ez zuen garai hartan sartzerik izan eta Hendaian geratu behar izan zuen. Nere aita zenak berarekin eraman ninduen mugaz beste aldera eta, nerabe gaztetxoa baino ez nintzela, hantxe ezagutu nituen bai komandantea bera eta baita Toribio Etxebarria zena ere.
Koldo, Maritxu, Nere, Maite eta Begoña… sekula ahaztu ez zuten Arrateko amak gorde ditzala bere altzoan.