Begirunea
Gabonetara heldu gara, Olentzerok estatutu berriaz adostasunik ekarriko ote ligukeen itxaropenetan. Ezinezkoa izan da, ordea,
Ez da, gero, harritzekoa. Zaharra berri. Gaur egun indarrean dugun autonomia-estatutua bozkatu zenean ere, orain 40 urte, ez zen adostasunik izan. Orain bezala-edo, orduan ere, Alderdi Popularraren girokoak kontra azaldu ziren, eta orain Bilduren inguruan nagusi direnak, abstenitu. Gernikako Estatutua onetsi zuten, berriz, orain onestekotan dauden hiru alderdien esparruek: Eusko Alderdi Jeltzalea, Alderdi Sozialista eta orduko Euskadiko Ezkerra edo oraingo Elkarrekin-Podemos.
Geroztik ez dira alferrik 40 urte joan. Espainiar eskuina pasatu zen Estatua hautsi behar omen zuen estatutua onartzera eta, ezker abertzalea, armaz erasotutako baldintza onartezinak, ontzat ematera. Baina, eraberritzeko orduan, lehengo lepotik burua: orain 40 urte alde zeudenak, orain ere alde. Eta orduan onartu ez zutenek, ezta oraingoan ere. Duela 40 urte bezala.
Hainbaten iritziz, estatutu-testu berriak ez omen du erabakitzeko besteko eskubiderik eskaintzen. Auskalo. Ez naiz ni metafisikatan galduko. Baina bai, ostera, esango, gure gizarterik gehiena ordezkatzen duten alderdiek adostatutakoa erreferendumez erabaki ahal izatea ez dela euli-kaka.
Hau da, erabakitzeko, aldarrikatu beharreko lehen eskubidea: orain 40 urte arabarrek, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek izan genuen erabakitzeko eskubidea eta orain, berriro ere, zor zaigun eskubide berbera. Hain zuzen ere, nafarrei orain 40 urte ezer erabakitzeko ukatu zitzaien eskubidea eta, orain ere, nekez emango zaiena. Zer esanik ez, Iparraldekoei.
Egia da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiritarroi eskaintzen zaigun erabakitzeko eskubidea demokrazia hutsa baino ez dela. Egia den bezala estatutu kontuetan, behintzat, Iparraldea prehistoria politikoan dagoela eta Nafarroa, Erdi Aroan.
Har ditzagun gauzak patxadaz, ikas dezagun errelatibizatzen. Ez duena balio zera da: Iparraldean eta Nafarroan pasa-misi egin, gehiago lortu ezin delakoan. Eta sistemak onartzen ez dituen formulak Euskal Autonomia Erkidegoan soilik planteatu. Nire ustez, arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrok nafarrek eta ipartarrek besteko begirunea merezi dugu.
EUSKADI IRRATIA – Albiste faktoria