Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Begira zak sarean!

Begira zak sarean!

Amatiño 2011/07/22 22:00
Euskaltzaindiak aurkeztu duen webgune berria dela eta, pozarren zeuden gaur eguerdian euskaltzain jaun-andreak; baina pozik ezezik, urbitsetan gero Josemari Iriondo: “Orain bazekiat zer erantzun auskalo zein bertso zahar aurkituko ote diedan ate joka etorri ohi zaizkidanei: begira zak sarean!”

Bai, Auspoa bildumaren artxiboa eta Orotariko Euskal Hiztegiaren bertsio berria (Lazarraga tarteko) omen dira gaur prentsaurrean Euskaltzaindiak aurkeztu duen webgune berriaren bi edukirik garrantzizkoenak. Baina, jakina, hori baino gehiago izango du gaurtik aurrera www.euskaltzaindia.net delakoan barrena murgildu nahi duenak. Andres Urrutia euskaltzainburuak webgune berriaren zerik nabarmenenak azpimarratu eta laburbildu nahi izan ditu.

IMG_3992                 Nueva imagen2

Jose Mari Iriondo eta Ibon Sarasola, Auspoa bildumari eta Orotariko Euskal Hiztegiari dagozkien egitasmoen arduradunetakoak

Lehen eta behingoz, webgune berriak ez du erakundekerietan bere burua galdu nahi, sarri asko ezkutuegi geratu ohi den Euskaltzaindiaren emariaren berri eman baino. Egindako lanak plazaratu alegia, argitaratu, aditzera eman, zabaldu.

Ildo beretik webguneak ez du estatikoa izan nahi, dinamikoa baizik. Webgune berria azaltzearekin batera Euskaltzaindiak ez du ezer bukatu, etenik eta amaierarik gabeko zereginari ekin baino. Egunez egun berritu beharko den erronka, beraz. Ekin eta jarrai, antza.

Eta, hirugarrenik, webguneak erantzun beharko omen dio Euskaltzaindiak sortze beretik bere gain hartu zuen oinarri-oinarrizko ardatzari, euskara jagon eta zaintzeari, arauak aztertu, landu, erabaki eta indarrean jartzeari.

Zure izena, mesedez?

Aurkezpen osteko prentsaurrekoan kazetariengandiko galdera bakarra baino ez da izan, gainerako ipi-apa guztiak arrunt argi zeudelakoan. Zer galdetuko eta, mikrofono aurrean aurkezlearenak egiten ziharduen euskaltzainburuari: “Zure izena, mesedez?” – “Nire izena…? Andres Urrutia”. Ez gehiago eta ez gutxiago, horra berrogeitaka urteko kazetaritzan sekula ezagutu izan dudan galdera-erantzunik laburrenaren bilketa osoa.

Zenbaitek pentsa dezake nekez itxaro daitekeela informazio zuzenik horren informazio murritzik duen kazetariarengandik baina ez dut uste larriena hori denik. Harrigarri dirudien arren, bere ofizioaren jabe den kazetariak badu, teoriaz behintzat, aski baliabiderik euskaltzainburua aurpegiz ez ezagutu arren prentsaurrekoan entzundakoaren berri taxuz eta zentzuz emateko. Arazoa besterik da.

Ene ustez galdera horrek kazetariaren informazio-maila urria baino, sistema osoaren kalitatea jartzen du auzitan. Hau da, kazetari horrek hainbat urtez izan dituen irakasleen gaitasuna eta hasiberri hori Euskaltzaindiaren prentsaurrekora bidali baino “bota” egin duen komunikabidearen arinkeria. Eta, jakina, gure neskatilaren tolesik eza. Ze, neska… hori alboko kideari galdetzen zaio,  ez taula gainean hizketan ari den aurkezleari!

IMG_3967

“Zure izena, mesedez?” – “Nire izena…? Andres Urrutia”.

BERRIA

DEIA

EL DIARIO VASCO

EITB

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: