Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bazkoniako notiziak, Iparretik ikusiak

Bazkoniako notiziak, Iparretik ikusiak

Amatiño 2022/04/27 15:00
Jean-Louis Davant euskaltzainak ezein historialarik nekez egin ditzakeen aitorpenak egiten ditu argitara eman berri duen “Baskoniako notiziak” historia-liburuaren sarreran. Batetik, ez dela “ofiziokoa”, hots, ez dela historialaria. Bestetik denbora gutxi gelditzen zaiola (87 urte ditu). Eta, ondorioz, ez duela euskaldunen historia orokorrik egin, “maiteenik eta ezagunenik ditudan edo garrantzitsuenak zaizkidan uharte zenbaitena” baizik.

Iparraldeko ikuspegitik idatzia izan arren, Jean-Louis Davant maisuaren (Agronomia Ingeniaria) jakituria eta esperientzia ez dago zalantzan, irakaskuntzaz gainera ez baitaramatza alferrik 65 urte daitezkeen genero guztiak lantzen, pastoraletatik historiara, eleberria, poesia eta saiakera tarteko. Hori bai, Jean-Louisen azken historia honetan ez dago orekarik. Ohiko kronologia konbentzionala jarraitu bainoago, irakurleak behar du egilearen “uharterik” maitatuenetan behatu eta hartatik hautatu.

Baskoniako notiziak” da euskal historia, non Zuberoa makina bat aldiz gehiago aipatzen den Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa baino, Akitania* Ebroko sakana baino garrantzitsuagoa den eta Frantziako Iraultzak, munduko bi gerra handiek eta Aljeriako independentziak azken bi mendeotako euskal gizartea aldatu duten. Hau da, ezohiko ikuspegia, zeinean, esaterako, industria-iraultza beharrean, laborantzaren historia aipatzen den.

Ez dut esangura, inondik ere, horrela izan behar ez duenik. Nik diodan bakarra da Hegoaldeko irakurleak jakin behar duela “uhartez uharte” mugitzen, eta, Jean-Louisek –“arraun eta belarik gabe, gainera”— bakarka zeharkatu behar izan duen itsasoan, ez dituela beti aurkituko uste ditzakeen erreferentzia guztiak.

Adibidez, Mixel Labèguerie mediku, kantari eta Kanboko alkatearen inguruan zer gertatu zen jakiteko, Davanten historia da argi-mutilik gertuena, Jean-Louis bera izan zen-eta gertuenetakoa. Ondoko euskal kantagintza berriaren nondik norakoaz jabetzeko, berriz, mila aldiz hobe wikipedia.

Funtsean, “Baskoniako notiziak. Iparretik ikusiak” liburu-historia mugatua dateke Hegoaldeko irakurlearentzat… baina ez, segurutik, Hegoaldeko edozein historia Iparraldekoentzat baino mugatuagoa.

Ez da gutxi, behingoz, horretaz ere konturaraztea.

* Akitania eta Akize (Dax) izenen sustraia berbera omen: aquae (ura) -- acqs. Baita Dax-ena (D´acks) ere.

Jean-Louis Davant
Jean-Louis Davant, euskaltzain xiberotarra

---

BASKONIAKO NOTIZIAK. Iparretik ikusiak (Maiatz, 2022)

Egilea: Jean-Louis Davant Iratzabal. Urrüstoi-Larrabile, 1935

Deskribapena: Allande Oihenart idazle historialariak Notittia Utriusque Vasconiae 1637 urtean agertu zuen: bi Baskonia bereizten zituela, bat iparraldekoa eta bestea hegoaldekoa, bi erresuma indartsuen menean.

Liburu honetan “Iparraldeko Baskonia” hortarik, hots “iparretik ikusiz”, Euskal Herriaren iragana zehazten da. Maiz hegoaldetik ikusiz, Iparralde honi garrantzi eskasa ematen zaio, ahaztuz lehenengo Baskoien eremu zabal indartsua izan zela.

Liburu honek, obra hura oroituz, Notiziak agertzen ditu, Baskoien munduari bere tokia aitortuz. Azpimarratuz, bere historia ezagutzen ez duen populua mundutik ezabatzeko arriskuan eta zorian dagoela. Memoria galtzen duen jendea bezala. Ez daki non dagoen, ez nondik datorren, ez eta norantz ari den.

---ooOoo---

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: