Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Baziren, badira

Baziren, badira

Amatiño 2022/01/08 23:00
Emakumearen artista izana eta esana da, San Telmo Museoko “Baginen, bagara” erakusketak aldarrikatu nahi duena. Baita mendetako diskurtso patriarkala salatu ere. Museo eta arte-bilduma publikoek orain arteko logikak alda ditzaten eta emakumearen ikusgarritasuna areagotu.

Artearen historia behatu baino ez dago konturatzeko artistarik gehienak gizonezkoak izan direla betidanik. Kultura patriarkal hau “de facto” horrela izan zen, eta kitto. Baina XVIII. mendean Artearen Historia disziplina gisa sortu zenetik aurrera, patriarkalismoak, gizaldiz gizaldiko egoera aldatzea proposatu beharrean, betidaniko joera finkatzeko argudioak arrazoitzeari ekin zion, Ilustrazioaren “intelligentsiaren” izenean. Alegia, betidanik gertatua logikoa zen nonbait, ezin zen bestela izan, emetasunaren ezaugarri biologikoak (amatasuna, sentsibilitatea, behar besteko argitasunik eza) arte-gaitasunaren kaltetan suertatzen baitziren. Gaur egun, ordea, inork ez du ukatzen harako "emakumearen artearekiko arazo naturala”, “Artearen historiaren beraren aje patriarkala” baino ez dela.

Askorik pentsatu gabe, 'de facto' ere, Arte Museoak artearen tenplu sakratutzat onartu ohi ditugu eta, horretara, nolabaiteko bikaintasunaren ispilu eta gordeleku. Mundu zinez perfektua non, estilo batez zein bestez, arte-arauak bide diren logika bakarrak. BAGINEN, BAGARA San Telmo Museoko erakusketa, ordea, artearekin zer ikusirik ez dituzten irizpideez gainera, emakumearen esku hartzearen kaltetan indarrean ezarri diren sasi-logikak salatzera dator.

Garazi Ansa eta Haizea Barcenillaren diskurtsoak San Telmo Museoa du ingudetzat baina, funtsean, oro har, donostiar bildumarena mundu guztiko museoen logika historikoen isla besterik ez da. Alegia, besteak beste: emakumea artista izan daitekeenik ere uste ez izana; zer gerta ere emakumea amateurismoaren esparruan mantendu beharra; emakumea eta gizonezkoa kategoriatzat (eta, jakina,  kategoria desberdintzat) jotzea; emakumea gizonezkoaren begiradaren ikuspuntutik zilegiztatu beharra; kritikagintzan emakumeari lekurik ez erraztea; arte-motak, estiloak eta joerak sexuaren arabera sailkatu nahi izatea; emakumeari, 'de habitum', behar besteko profesionaltasuna ukatzea…

Ikusi beharreko erakusketa, segurutik, baina, batez ere, irakurri beharrekoa. Sarrerako bideo-aurrean (Garazi Ansa eta Haizea Barcenillaren “diskurtsoa”) eseri eta ikusten geratzea ere merezi du. Besteak beste, ondo egina dagoelako. Hori ere artea da. Gero gerokoak. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: