Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Batak ez du bestea ukatzen

Batak ez du bestea ukatzen

Amatiño 2019/05/21 09:00
Esan beharrik ez, gauzak ez direla beti nahi bezain bakunak. Ez, kontuak ez dira, gehienetan, bata ala bestea, zuriak ala beltzak, aida ala iso. Gizartea konplexu samarra da eta gizakia kontraesanez josia.

Esperientziak erakusten digu badagoela aldi berean izaterik kultua eta arrazista, mistikoa eta pederasta, aurrerakoia eta erasotzailea. Eta gutxieneko heldutasunak eskatzen digu arloak bereizten asmatzea.

Nik neuk dakidan neurrian, zalantzarik ez gero, Jose Antonio Urrutikoetxea jatorra dela, abegitsua eta bere ideiekin konprometitua. Baina, aldi berean, agidanez, Justiziak sumatzen du Josu “Ternera” hainbat bortizkeria eta hilketaren eragile eta erruduna dela, hiru eta hamabi urte arteko bost neskatilaren heriotza tarteko, besteak beste. Aurpegi biak dira benetakoak, eta batak ez du bestea ukatzen.

Zalantzarik ez, antza, Urrutikoetxea buru-belarri ahalegindu zela ETAren jarduera iraungitzen, aurretik hainbat hamarkadatan terrorismoa indartzen jardun ostean. Biak dira egia, eta batak ez du bestea ezeztatzen.

Josu Urrutikoetxeak nahi duen bezala, Euskal Herrian bakeak egingo baditugu, fokoa biktimengan jarri behar da, eta baldintza bi bete. Batetik, gertatutakoaren istorio benetalaria gauzatu. Eta, bestetik, indarkeria deslegitimatu. Berresan dezadan: DES-LE-GI-TI-MA-TU.

Hala ere, euren kolkorako besterik aitortu arren, oraindik bada gurean gertatutakoa zilegitzat eta ezinbestekotzat jo ez ezik, ohorezkotzat aldarrikatzeko ere gertu dagoenik, Urrutikoetxearen aitzakiaz, hain zuzen.

Baina, oso oker ez banago, uste dut, gura nuke sinetsi, Josu Urrutikoetxeak proposatzen digun bakea ez dela pasatzen berak ohoreak eta omenaldiak jaso behar izatetik, alderantziz baizik.

Ez nuke bere bakardadeko damu-minetan egon nahi.

EUSKADI IRRATIA – Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: