Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Basterretxea, Arte eta Estetika lehendakariordea

Basterretxea, Arte eta Estetika lehendakariordea

Amatiño 2014/07/13 23:35
“He venido con el colchón, y no saldré de aquí hasta que Garaikoetxea nombre a Néstor vicelehendakari de Arte y Estética” oihu eginez, zalapartaka sartu zen Oteiza Kultura Sailaren trantsitu nagusian zehar, eta ezker-eskuineko bulegoetakook bertara atera ginen zer arraio gertatzen ari ote zen.

Eusko Jaurlaritzaren lehen legealdia zen, 1980an edo. Ramon Labaienen ardurapeko Kultura Saila hasia zen lehen oinarriak jartzen. Egitasmoak baino ez ziren, gero sortuko eta gorpuztuko ziren Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Euskadiko Orkestra, HABE eta gainerakoak.

Altzariak-eta egokitzen geniharduen goiz batean, orroka sartu zen Jorge Oteiza eskultorea zena: “He venido con el colchón, y no saldré de aquí hasta que Garaikoetxea nombre a Néstor vicelehendakari de Arte y Estética, del que penderán todos los demás departamentos!”.

Oteizaren ustez, Garaikoetxea lehendakariaren agintea ez zegoen zalantzan, baina agintaririk gorenaren eta jaurlaritzako sailburuen artean, buruzagia behar zen izendatu, artearen eta estetikaren nagusitasuna indarrean jarriko zuena. Nestor Basterretxea Arte eta Estetika lehendakariordea alegia, hezkuntza, garraio, ekonomia, ogasun, herrizaingo, industria eta bestelako sailen gainetik egongo zena.

Labaienek ez zion kontrakorik egin. Labaienek beti jakin izan zuen norekin eztabaidatu behar zuen eta norekin ez, zertaz bai eta zertaz ez. Eta, eztabaidarik ezean, Oteizaren koltxoia puztu aurretik xumetu zen. Gainera, nahi izanda ere, Oteizaren proposamena ez zegokion Kultura Sailari, beronen gaineko mailari baizik, Lehendakariari berari beraz.

Dena dela, ezin hura izan Basterretxeak inondik ere onartu lezakeen izendapena. Nestor (Miguel Pelay Orozco idazlearekin batera) Oteiza ondoen ezagutu zutenetakoa izan zen eta ondo zekien Oteiza nagusi zela denetariko larregikerietan: “Oteiza es muy mucho en todo”.

Basterretxea bera ere ez zen ba ahuntzaren gau erdiko eztula izan. 1940eko hamarkadan erbestean hasi eta, bart iluntze arte, etengabe lanean aritu izan den artista. Ez dakit diziplina, metodoa, errutina, kemena, adorea, jarraipena, iraupena eta honelakoak baliozkoak ote diren artegintzan baina, arteaz hutsaren hurrengo naizen honek esango luke, txarrenean ere, ezin direla oso kalterako izan.

Basterretxea

Nestor Basterretxea, Idurmendieta baserriko lantegian (Hondarribia, 1977)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: