Baserrien eta baserritarren intimitatea
Azken urteotan ikaragarri gehitu dira mendi-bizikletaz dabiltzan txirrindulariak eta, itxura guztien arabera, kopurua hazi baino ez da egingo aurrerantzean ere, mendi-txirrindu elektrikoek nagusitzen diharduten neurrian.
Orain ia berrogei urte, mendi-bizikletan ibiltzeari ekin genionean, hiruzpalau zoro baino ez ginen, kartografia militarrak baliatuz han-hemenka bazterrak ezagutzen ahalegintzen ginenok. Orduan erabat normala zen, han-hemenka, batetik bestera, mendi-bueltan, bakar-bakarrik abiatzea, sekula inorekin topo egin gabe. Gaur egun, ordea, trafiko handi samarra dago mendizidorretan zehar, edozein astegun buruzuritan eta, zer esanik ez, asteburu eta jaiegunetan.
Orduan baziren, gainera, bizikletaz nekez igotzeko besteko aldasgorak. Gaur egun, ostera, ia-ia esan daiteke ez dagoela bizikleta elektrikoari turboa sartu eta igo ezinezko aldaparik.
Mendizaletasuna gure-gurea da, baita txirrindularitza ere, eta, ondorioz, mendibizikletarekiko zaletasunari ez zaio jarraitzaile amorraturik falta izango, zer esanik ez emakumeek ere kirol-mota honi ekiten dioten heinean.
Nago, ordea, kirolzaletasun berri honek baduela arreta handiz zaindu beharreko alderdia. Alegia, mendi-txirrindularirik gehien-gehienak kaletarrak direla eta jorratzen dituzten bideak eta urratutako bazterrak, aldiz, baserritarrenak.
Aitortu dezadan, aurrera jarraitu aurretik, hogeita hamabost urte luzetan ibili ostean eta hamaika baserri-ataritara hurreratu arren, ez dudala sekula bekozko ilun nabarmenik ikusi eta ez erantun txarrik jaso. Baina, susmoa dut ez ari ote garen zenbaiten pazientzia agortzen.
Mendibizikletazaleok gogoan izan beharko genuke, ez dela nahiko bidezidorretatik ez ateratzea, inoren zelairik ez gurutzatzea, itxitako soroetan ez sartzea edo ate-txakurrik alferrik ez xaxatzea.
Horrez gainera, uste dut, ahalegindu beharko genukeela premiarik gabe inoren ataritara ez lar hurbiltzen, inoren etxe-girorik ez hausten eta, hitz batez, baserria eta baserritarren intimitatea ahalik eta apalen errespetatzen.
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria