Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bartók, Bruckner eta Agur Jaunak

Bartók, Bruckner eta Agur Jaunak

Amatiño 2019/11/15 15:00
Segurutik Hamburgoko Orkestraren kontzertua entzun nahirik aurrekoan Donostiako Kursaalera joan ziren 1.600 lagunek ez zuten inondik itxaro, zutik amaituko zutenik txaloka. Txaloka bai, zutik ez ordea. Izan ere, ez ziren tente jarri txaloak jotzeko, txaloei ekin aurretik zutik baitzeramaten zenbait minutu, isil asko, noiz “Agur Jaunak” amaituko. Hamburgoko Orkestrak Kursaaleko entzulegoa ustekabean harrapatzen asmatu zuen.

Leonidas Kovakos biolin-jotzailea (munduko hamar onenetako bat) tarteko, Bartóken biolinerako bigarren kontzertuaz, lehenik, eta Brucknerren zazpigarren sinfoníaz, gero, Hamburgoko Orkestrak Kursaalean eskaini zuen programa kostata ahazten diren horietako bat suertatu zen.

Bruckner (1824-1696) konpositorea ez da, inondik ere, Beethoven, Mozart, Schubert edo Wagner bezain ezaguna, baina haren Zazpigarrena  sekula sortu den sinfoniarik gorenetakotzat jotzen dute adituek. Noiz amaituko penaz entzuten den konposizio galanta, garaua, bete-betekoa, demasekoa.

Kursaaleko entzuleriak gogotsu txalotu zuen Alan Gilbert zuzendaritzapeko orkestraren musika-saio paregabea eta txalo-uholde hura ordaindu beharraren beharrez, baita zuzendariak “propina” eskaintzea erabaki ere. Zer eskainiko eta… “Agur Jaunak” delakoaren orkestra-bertsio hunkigarria eskaini.

Baita 1600 lagunak, ziztu-bizian, zutitu ere. Bartók ona da, Bruckner hobea, baina “Agur Jaunak” eresiaren sintonia sumatu bezain azkar baino ez zen jendea zutitu. Alan Gilbert estatubatuarrak bazekien, nonbait, zelan amaitu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: