Bart gauekoaz ez gara erraz ahaztuko
Pandemiaz zer esan berri gutxi dago honezkero. Zalantzarik ez, Canneskoaren nahi eta ezinaren ondotik, Jose Luis Rebordinosen taldeak mortalak eta bi egin dituela aurtengo ekitaldia ahalik eta normalen gerta dadin. Eta lortu ere lortu du. Atzo, Kursaaleko areto nagusiko jendaurrean, Zinemaldi bateko zein besteko zuzendariak elkarrekin ikusi ahal izateak ezinbesteko harrokeria-punttua eragiten zuen. Cannesek, ez; Donostiak, bai.
Woody Allenen Rifkin’s Festival filma euskal hemeroteketara pasatuko da segurutik; ez, ordea, ekoizpen aipagarrien filmotekara, ez eta Woody Allenen emaitzarik ontxoenen zerrendara ere. Geldoa eta aspergarri samarra. “San Sebastian” delako protagonista, “Santander” edo besteren ba balitz… lokartzeko modukoa.
Batere geldo eta aspergarria izan ez zena, gala gisa burututako aurkezpena, Jon Mayaren koreografiaz eta Harkaitz Canoren gidoiaz. Etenik gabeko hariari eta erritmoari jarraika, hogeitaka lagunek elkarrekin eskaini ziguten ikuskizuna, ona ez ezik, aurrera begira ere kontuan hartzekoa.
Tarteka-marteka, han-hemenka eratu ohi diren hainbat gala eta jaialdi zaharkituren antolatzaileek badute non ikasi, bitarteko gutxiz eta irudimen ugariz. Ez da batere erraza tokian tokiko ikuskizun aukerakoa asmatzea, tokiz kanpo telebistaz emateko bezain aproposa… Ez da inondik ere erraza, bi hizkuntza elkarrekin jokoan elkartzea, bietako bat gutxietsi edo bestea aspertarazi gabe… Ez, ez da samurra, baina, atzo frogatu zenez, ez ezinezkoa. Ea nola ateratzen diren beste hiruak (Donostia Saria, Euskal Zinema eta Itxierakoa). Sekulako erronka.
Azpimarragarri, besteak beste, Miren Gaztañaga antzezlea, aurkezpen-lanetan, abesten nahiz dantzan. Artista, gero. Askorik ezagutzen ez dugun altxor txiki bat dago hor.