Barrokoa eta tangoa, elkarren eskutik
Ez da musika klasikoaz lar zalea izan behar Vivaldiren “Lau urtaroak” ezagutzeko edo lantzean behin entzun ahal izateko. Nabarmen zailagoa da gero, Piazzollaren “Buenos Airesko lau urtaroak” noizbait entzutea eta, zail samarragoa, ezaguntzat jotzea. Biak elkarrekin entzuteko abagunea, berriz, loteria egokitzea bezainbateko miraria. Eta izurra izurtzekotan, azkenik, mirari hori munduko ezaugarri akustikorik onenetakoak dituen auditoriumean suertatu ahal izatea.
Amsterdamgo Concertgebouw (1888) aretoa da, diotenez, soinu-ezaugarririk onenak dituzten hiru auditoriumetako bat. Beste biak Vienako Musikverein (1870) eta Bostoneko Symphony Hall (1900) aretoak dira. Hiruak, nolabait esateko, XIX. mendeko fisikaz burutuak. Geroztik, zenbat entzunareto berri ez ote den eraiki munduan zehar… baina, hala ere, bat-bera ere ez XIX.eko teknologiaz egindakoen pareko.
Aurreko ostiralean Amsterdamgo Concertgebouw Erret Orkestrak (Koninklijk Concertgebouworkest) bere egoitzan bertan eskaini zuen kontzertua berriketabako horietakoa izan zen… Vesko Eswchkenazy (Vivaldi) eta Liviu Prunaru (Piazzolla) biolinjotzaileen gidaritzapean. Demaseko programa eta sekulako lekua.
Amsterdamgo Concertgebouw aretoa, aurreko asteburuan
Vesko Eswchkenazy eta Liviu Prunaru biolinjotzaileak elkarrekin, kontzertua amaitu bezain laster