Barre-algaratik patetismora
Emakume biren artean esertzea egokitu zitzaidan Donostiako Antzoki Zaharrean. Aldamen batean mutilarekin bertaratutako 30-40 urte inguruko neska gaztea (nire adinaren ikuspegitik, behintzat); eta beste alboan, bosten bat atsorekin (ni agure naizen neurrian) errenkan jezarritako andrazko nagusia. Gazteari ez nion ezer nabarmenik adierazten sumatu ordubete luzean. Zaharrak, aldiz, zeinahi zirelarik aktoreeen eztenkadak, etengabeko algara bizitan, txisteen amaierak entzuten eragotzi nahi izango balit bezala. Antzerki berbera eta nekez hain bi harrera berdinezak. Nork ote arrazoia? Biek, jakina, biak ala biak ikuspegi arras desberdinez jabetzen ari baitziren, antza.
Nagusia, barre egin beharraren beharrez, hartarako baino etorri izan ez balizko tankeran. Eta gaztea, ostera, testuaren gero eta jario patetikoagoaz asmatu ezinda, aurrez aurrez eskaintzen ari zitzaion kontakizuna “trumpismo” hutsa baino zerbait gehiago ote zen sumatzen hasia.
Edozelako sasi-mugak salatzeko beti ere aukeran solidaritaterik eza, Orwellen formula (1) tarteko; defentsa-kontuetan, berriz, ezin ba ahaztu denok garela etxea defendituko duen aitaren baten seme-alabak. Eta, behin adarra jotzen hasiez gero, bitez ingurumenari dagozkiokeen ziriak eta, zergatik ez, baita matxismoaren gainekoak ere. Ez dadila gero umorerik falta. Galdera da, ordea, dena barregarri izan ahal den, arraia gorririk inon ote dagoen eta, egotekotan, non ote.
Agian oker nago, baina nago, testuinguru horretan umore-plaza bihurtutako taula-gaina nekez izan daitekeela ezkontideen arteko bortxakaria azaltzeko unerik aproposena. Eta ez, senarraren matxismo basati eta arbuiagarriarengatik, emazte ezjakinaren mirabetza patetikoarengatik baino.
Naizen zahar honen iritziz, emakumeak jasaten duen morrontza latzari ez zitzaion besterik falta, yankien inuzentekeria bat gehiago balitz moduan hartzea baino. Batek daki nire aldameneko neskak horrelakorik pentsatu ote zuen, baina ez nintzaion galdetzen ausartu. Horretarako ere uneak eta uneak daude.
Txaloak jo eta gora-gora! Txaloek ere hainbat aje ezkutaraz dezaketen arren.
1) "Arizona". Hurrengo ekitaldiak.
2) “Denok berdinak gara baina batzuk beste beste batzuk baino berdinagoak”.