Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Potro-igurtzailearen teoria antropologikoa

Potro-igurtzailearen teoria antropologikoa

Amatiño 2020/10/23 10:45
"El mundo vasco ha producido muchos tocapelotas y yo pertenezco a esa tradición, a la de los tocapelotas vascos. El tocapelotas perfecto es aquel al que fusilarían todos los bandos porque no se encuentra a gusto en ninguno" (Juan Luis Arsuaga. Alfaguara, 2020).
Potro-igurtzailearen teoria antropologikoa

Juan Luis Arsuaga, potro-igurtzailea

“La vida contada por un sapiens a un neanderthal”  deritzon zabalkunde-liburuak hainbat astebete darama aurrenengo postuan, ez-fikziozko liburuen salmenta-zerrendan. Nago, ez dela ezustean. Nago, argitaletxeak xede hori zuela egitasmoari atxiki zitzaionean eta lortu duela nahi zuen helburua. Operazio komertzial arrakastatsua, bete-betean. Zilegi ez ezik, baita txalogarria ere. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

Harako bizitzaren historia, Juan Luis Arsuaga paleoantropologoak kontatzen digu, Juan José Millás kazetariaren eskutik; eta, hain zuzen ere, kazetariak berak ematen digu, hitzaurrean, liburuaren nondik norakoaren berri. Nonbait Arsuaga jakituna da eta, antza, hitzontzi  argia bere jakintzapekoak azaltzeko orduan. Baina, osterantzean, ez omen da hain iaioa idazteari ekiten dionean, eta, hartara, berez gogotik zailak diren gaiak jende xumearen ulermen-mailara helarazteko… zer aproposagorik bere burua ontzat duen kazetariaren bitartekotza baino?

Esanak esan, nik ez dut sekula uste izan Juan Luis Arsuaga nor ez denik bere jakinduria molderik errazenetan kontatzeko eta, are gutxiago, ezertarako interpreterik behar duenik. Honetaz jabetzeko ez dago 1998tik hona –bakarrik edo elkarlanean-- argitaratu izan dituen hogeitaka zabalkunde-liburuak gogoan izan baino. Duela hogei urte  “El collar del neandertal” (1999) saiakera ospetsua idatzi zuen autorea ez dela gauzak samur kontatzeko gai… esate hutsa ere, lotsakor samar egokitzen da orain. Excusatio non petita accusatio manifesta.

Dena den, egia ukaezina ere bada, berrehun inguru orrialdeko liburua ziztu bizian irakur daitekeela asteburu zuri batean, eta nik, aukeran, nahiago honelako irakur-eskaintzak, amaitu ezinezko buruhauste aspergarriak baino.

Arsuagatarren euskal tradizioa

Juan Luisen aita, Pedro Mari Arsuaga, tolosarra zen, hainbat denboralditan Real Madrid futbol-taldearen jokalari izana. Madrilen jaiotako semeak ez du, ordea, aitaren jatorririk ahaztu, eta bizpahiru aldiz, barrena, aditzera ematen du bere euskal senaren berri. Eta ez, hala beharrez, “gidoiak eskatuta” edo.

Behin, zera dio: “A lo más que puedes ser en la vida, si no eres vasco, es a ser celta”. Ironia handiz, segurutik, bilbotarren baten zirikada bailitzan.

Beste behin, garbi utzi nahi izan du, nonbait, pentsakerak libreak bezain konplexuak direla eta, bere senitartekoak lekuko, hizkuntza batez edo bestez hitzegin izanari ez datxekiola, besterik gabe, jakineko edo ezinbesteko ideologiarik.

Eta badago, hirugarrenez, “potro-igurtzailearen” teoria antropologikoa: “El mundo vasco ha producido muchos tocapelotas y yo pertenezco a esa tradición, a la de los tocapelotas vascos. El tocapelotas perfecto es aquel al que fusilarían todos los bandos porque no se encuentra a gusto en ninguno. Se suele decir que a Galileo lo condenaron por afirmar que la Tierra daba vueltas alrededor del Sol, pero yo creo que a la gente, en general, no la castigan por sus ideas, sino por tocapelotas. A Servet no lo quemaron por defender la circulación de la sangre, sino por tocapelotas”.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: