Bandejarik bandeja
Eta estimu madrildar hori areagotzeko, edo bidea gehiago erraz dakion, gure pentsalari sakonak aurkitu du, antza, Kataluniako gatazkaren nondik norakoa ulertaraz dezakeen “filosofoen harria”: Soy un catalán viajado. El gran problema de Cataluña es que hay mucho catalán que no ha viajado. Kataluniaz eta katalanez gauza asko esan eta idatzi da azken bolada honetan baina, horratik, Bigas Lunaren ikuspegia berria da, bakarra, bakana, soila, bitxia.
Seguru gero katalanik gehienek ezin izan dutela Bigas Lunak bezain sarri atzerrira joan baina, hala ere, estatistika guztien arabera, katalanak dira espainiar biztanleen artean gehien eta sarrien kanporatu ohi diren hiritarrak. Zehatz-mehatz, Katalunian %25,55 (2011) diren artean atzerrira bidaiatzen dutenak, %5,7 besterik ez, Gaztela eta Leonen.
Gainera, Katalunia da atzerriko turistarik gehien jasotzen duen Autonomia Erkidegoa, gehien esportatzen duena, kanpoan “enbaxadarik” gehien duena eta Europa garatuarekin mugalderik zabalena duena.
Auskalo mundura sarritxo irtetzeak eraginik ote duen zenbait jarrera politiko aldarrikatzerakoan baina, hala izanik ere, ez da nonbait Espainia irekia arazoak dituena Katalunia arlotearekin; Katalunia kosmopolita da Espainia estu-mestuarekin auziak dituena.
Eta Madrilgo “bandejetan” irauteko hala moduzko intelektualek horrelako lelokeriak esan beharra sentitzen duten artean…