Balizko errotak urik ez
Harrigarri da gero zein erraz erabili izaten diren zenbait unetan balizko aditzak. Sozialistek amore emango balute... eskuin espainiarra europarra balitz... alderdi guztiak legeztatuko balira... abertzaleek bat egingo balute... Madrilek elkarrizketarik onartuko balu edo ez balu... ETAk armak utziko balitu... Batasunak muzin egingo balio... etab. Ez dut nik esango politikan den-denak zehatz-mehatza izan beharko lukeenik, baina nekez pentsa dezakegu balizko baldintzetan ezer funtsezkorik eraiki daitekeenik.
Errealitateak interpretazio ezberdinak sortarazten baldin baditu, zer esanik ez elukubrazio hutsak. Zail bada jakineko datuetan oinarritutako eztabaida eta elkarrizketa, zer ez ote den izango balizko esamesak erabiliez gero. Balizko errotak urik ez dio esaerak, urik ez alegia. Ez ur zaharrik eta are guxiago berririk.
Ur zaharrei bagagozkie, ez du orain ezertarako balio “bi alderdi espainiarren polarizazioa gertatu izan ez balitz“ salatzeak, honez gero batere balio ez duen bezalaxe “indarkeria 1976an amaitu izan balitz” amesteak edo “zor (omen) zaigun lurraldetasuna onartuko baligute“ aldarrikatzeak.
Ur berriei dagokienez, berriz, egia da iraganak etorkizuna baldintzatzen duela. Baina, kontuz, etorkizuna benetan baldintzatzen duena ez da balizko iragana, egiazko iragana baizik. Benetan gertatu zena –eta dena-- alegia, eta ez, gerta zedin, nahi izango genukeena.
Deia, 2008ko otsailaren 10ean.