Balenciaga Museoaren etorkizuna
Artea da gaur zatar iruditu arren bihar eder azalduko dena. Alderantziz, ordea, moda da gaur eder azaldu arren, bihar zatar irudituko dena. Hona artea eta modaren arteko berdineztasuna. Eta, hain zuzen, hona zergatik --axioma honek egiari zorrik ez balio behintzat-- Balenciaga artista litzatekeen eta ez, ordea, moda-sortzaile soil.
Balenciaga, arrantzale-semea
Zernahi delarik, artista zein moda-sortzaile, ukaezina behintzat Cristóbal Balenciaga izan zela mundu mailako jostunik onenetakoa, nahiz gure arteko azken hiru belaunaldiok lar gogoan hartu ez. Batetik, 1936ko gerrarekin batera getariarrak Parisa aldegin zuelako eta, bestetik, hemen suertatu zen gerraostea ez zelako inondik ere samurrena izan herriko seme eta goi mailako jostunarentzat.
Gaur badakigu Balenciagari ez zitzaiola nazioarteko arrakasta zerutik jausi. Lehenik eta behin jostun peto-petoa zela, tekniko zorrotza alegia, umetatik amarengandik ikasitako morroi bizkorra aurrenez, behargin zaildua gero eta maisuen maisu atzenez. Etenik gabe lanean aritua baino ez zela, 42 urterekin ordurarteko guztia utzi eta Frantziara aldegin zuenean.
Horretara, agur eta ohore Cristóbal Balenciagari; bejondeiola haren omenezko museoari eta zorionak benetan Getariako herriari. Baina hau guztia aitortu ondoren, beldur naiz ireki berri den museoaren etorkizuna ez ote den nahi eta komeni baino latzagoa izango.
Bederatzi urteko atzerapenaz eta 30 milioi euroren aurrekontuaz, primerako eraikin minimalista… laurogeitaka soinekoren bilduma (biltegian 1.200 omen) eta bideo on bat erakusteko. Zoragarria ingurua eta egokia Aldamar jauretxearekiko uztarria. Gomendagarria benetan lehen bisita. Hurrengoan itzultzeko lain ote? Auskalo. Norbaitek irudimen dezente behar izango du hilaren azkenera heltzeko. Eta hainbat hobe erabat, zeharo gero, tronpatuko banintz.
Aldamar jauretxea eta museoaren sarrera nagusia
Fabiola "Balenciagaz" ezkondu zen (1960.XII.15) Balduino Belgikako Erregerekin. Europako monarkiaren komunikazioan zein telebistaren historian zedarririk nabarmenenetakoa
Museoen "onura" (zentzun guztietan) neurtzea izugarri zaila da. Esaterako, Donostiako San Telmo eraberritzea (eraikin berria eta museografia guztia) 28,5 milioi euro kostatu da, Getariakoa baino 1,5 milioi gutxiago. Baina bi museo-mota zeharo berdinezak dira, kokapenez, biztanleriaz, gaiz, kultura orokorrez...
Artium-en sarrera-txartelak Guggenheim-aren erdia balio du, baina bigarren honek 956.000 bisitari izan zituen iaz eta Gasteizkoak 98.300.
Oso zaila da museoen errentagarritasun-azterketa demagogiarik gabe egitea. Zer den interes orokorra eta zer ez... publikotasunak noraino iritsi behar ote duen... zeintzuk diren lehentasunak...
Eta, gero, egitasmo bakoitzaren atzetik egon daitezkeen eragileen eragina. Esaterako, Balenciaga Museoaren atzetik jakineko sustatzaileak egon dira. Baina Eibarren honezkero egon beharko lukeen bizikleta-museoaren atzean ez dago --gezurra dirudien arren-- inor