Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Baldintza berdinetan, kanpotarra hobe

Baldintza berdinetan, kanpotarra hobe

Amatiño 2009/10/09 00:44
Zein sektoretakoa izan ote daiteke hamazpi lan-hizkuntzaz aritu ohi den euskal enpresa? Itzulpengintzakoa, atzerritarren harrerari atxikia edo hirugarren munduarekin harreman estuak dituena? Ez ba, industria-sektorekoa da, esku-erremintak egiten ditu eta hogeiren bat herrialde galdutan edo izan ezik, ia-ia munduko estatu guztietan saltzen ditu bere lanabesok. Ega Master deritza, sustraiak Eibarren ditu, enborra Gasteizen eta adarrak munduan zehar. Datorren astean jasoko du Bartzelonan Human Saria “pertsonengan oinarritutako nazioarteko estrategiagatik”.

Inoiz aipatu izan dut nik hemen Ega Master industria familiar honen nondik norakoa, ez baita inondik ere arrunta. Jaso beharreko sari guztiak jaso ditu kalitateaz, bikaintasunaz, berrikuntzaz, lehiakortasunaz, esportazioaz zein nazioarteratzeaz. Baita, iaz,  gazte jendearen lehen lanpostua suspertzeaz ere. Oraingoan, berriz, esan bezala, Human Saria pertsonengan oinarritutako nazioarteko estrategiagatik.

Llabur-llabur bilduz, hiru dira enpresa honek indarrean jarri dituen barne-estrategiak. Lehenik, sekula aurretik lanik egin gabeko gazte jendea unibertsitatez unibertsitate eta eskolarik eskola aukeratzen saiatu. Ez dute aurreko esperientziadun eta eskarmentu handiko heldurik nahi. Eta, baldintza eta prestakuntza beretsuetan, nahiago dute kanpotarra --beste kultura eta hizkuntzaren batekoa-- bertakoa baino. Ondoren enpresaren eta gazte hasiberrien interesak, gurariak eta etorkizun-espektatibak gurutzatu, parekatu eta ildo beretik elkartu. Azkenik, etengabeko barne trebakuntza-sistema iraunkorra abian jarri.

Guzti honen ondorioz, gaur egun Ega Masterren langilegoari darion egitura honako hau da. Ehun eta bi beharginon %21 kanpotarrak dira eta guztira hamazazpi hizkuntza dakizkite, hamahiru europar gehi arabiarra, japoniarra, txinatarra eta twi delakoa. Batez beste 30 urte inguru dituzte, emakumeak %60 dira guztira eta zertxobait gehiago kargudunen artean. Hain zuzen, zuzendari eta kargudunen artean %88k enpresan bertan ekin zioten estreinako lanari eta urtez urte, mailaz maila, joan dira ardura berriez jabetzen.

                            

Zenbait zuriunetan ezik, Ega Masterren erremintak erabat sakabanatuak mundu guztian zehar

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: