Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bakoitzak salba dezala bere burua

Bakoitzak salba dezala bere burua

Amatiño 2016/08/11 17:05
Juan Zelaia, 1960tik aurrera euskal pila elektrikoa munduan barreiatu eta 50 urte geroago auto elektrikoentzako bateria aproposik garatzerik lortu ez zuena, atzo hil zen. Paradoxa bada ere, Donostiako Cidetec teknologia-zentruak metagailu elektrikoak egiteari ekingo diola iragarri zuen egun berean. Juanito Zelaia genuen euskal “enpresa-maisuen” belaunaldiaren azken ordezkaria. Haren heriotza XX. mendeko euskal industria-tankeraren azken hatsa baino ez da.
Bakoitzak salba dezala bere burua

Juan Zelaia

Juanitok bere baitan laburbiltzen zituen euskal enpresari peto eta jatorraren berezitasunak, bere alderdi onekin eta ez hain onekin batera. Dohanik ontxoenen artean, erroak, lanzaletsuna, ekimena, ausardia, arriskua, eskuzabaltasuna, buruzagitza eta herri-atxikimendua. Erdipurdikoen artean, berriz, jokabide lar pertsonalak eta eskuordetzen ez asmatzea.

Luze egin zaio bizitza Juanitori. Kontu izan, Garaikoetxeak lehendakari izateari utzi zionean, orain dela 31 urte, Zelaiak 65 bete zituela. Hain zuzen ere, orduan elkarrizketatu nuen ETBn. Geroztik mundua erabat aldatu da.

Gaur egun inoiz baino handiagoa da merkatua, baina baita ere sekula baino zorrotzagoa lehia, zailagoa lehiaketa eta ugariagoak lehiaketariak. Egoera larri honetan, enpresa-maisu berrien beharretan gaude. Hala ere, gero eta gutxiago sortarazten ditugu eta beldur naiz sortzen diren apurretakoak ez ote ditugun errazegi uxatzen.

Haatik, gaur egun, salbuespena salbuespen, euskal enpresarik handienak ere txikiegi dira munduan, bertako kapitalik jorienak urri eta inguruko ikerkuntzarik sakonenak arin. Erronka honi ez dio enpresari soil batek edo bestek erantzungo, nahiz onena izan, talde-lanak eta gizarte osoaren konpromisoak baizik, erakundeen, enpresarien eta sindikatuen aldetik. Eta hau guztia, hezkuntzaz, prestakuntzaz, berrikuntzaz, ahaleginaz eta apaltasunaz.

Ezina dela, askotxo eskatzea, alfer-lana edo utopia hutsa? Bapo, ba… orduan… bakoitzak salba dezala bere burua.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: