Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bakoitzak, bere kolkoaren berri

Bakoitzak, bere kolkoaren berri

Amatiño 2020/06/09 09:00
Pandemiak erakarri dituen begi bistako kalteez gainera, gertatuak ikaragarri nabarmendu eta azaleratu ditu Europar Batasunaren ahuleziak eta, besteak beste, salatu ditu Europako berrikuntza teknologikoaren gainbehera eta lidergo industrialik eza.

Hainbatek pentsatuko du gai hauek ilun edo astun samarrak direla, eta ez direla goizean goiz entzuleari dagozkion ardurak, baina ez nago ni horren seguru. Europako teknologiaren gainbeherak eta lidergo industrialik ezak behartsuago egiten gaituzte europar guztiak, pobreagoak egiten gaituzte, eta kontu hau ez da, nik uste, inondik ere txantxetakoa.

Europar Batasuna edozenbat hamarkada luzetan aritu izan da lehen munduaren erreferentzia izaten demokraziaz, berdintasunaz, segurtasunaz eta ongizateaz. Izan da aurrelaria, aintzindaria, ingurumen-politiketan, lan-baldintzetan eta gizarte-eskubideetan. Baina Europak balio hauei heldu ahal izan die lehiakorra izan den artean. Eta, lehiakortasunari oratu ezinean, ezin izango dio lehen mailako lurraldea izateari eutsi.

Europarron artean egin dugu, denon hobe beharrez, sekula aurretik, mundua mundu denetik, inoiz historian izan den gizarterik justuena, solidarioena, demokratikoena, osasungarriena eta garbiena. Baina gurea bezain sistema justurik, solidariorik edo garbirik ez izan arren, Ipar Amerikak eta Txinak lortu dute gurea baino teknologia hobea eta lehiakortasun handiagoa.

Honek zer esangura du: gureak egin duela? Behar bada, ez horrenbeste. Baina bai, ostera:

 Behar dugula ahalik eta azkarren gure egoera larriaz konturatu, jabetu, arduratu.

 Behar dugula gure hezkuntza eta trebakuntza areagotu, indartu. Berriketa gutxi, gero.

 Behar dugula, denok ere, saiatzen ari garen baino gehiago saiatu, jokoa ez baita errenta.

Honi guzti honi sermoi-kutsua dariola? Bai, behar bada, bai. Baina kontua ez da sermoia den edo ez, egia den ala ez baizik. Eta, honetaz, bakoitzak jakingo du bere kolkoaren berri.

EUSKADI IRRATIA- Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: