Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Baina bihotzak dio…

Baina bihotzak dio…

Amatiño 2017/04/28 00:05
Santiago-bidearen aitzakiaz landu beharreko sustapenaz gainera, Gipuzkoako itsasbazterreko ibilbide osoak, Hondarribitik Debaraino, eskertuko luke nolabaiteko estrategia osatu bat. Ondo dago betidanikako mendi-bideak seinalatzea, baina euren arteko pasabideak errazteak eta kate-begiak bilbatzeak ez lukete ezein aurrekontu publikorik ahituko.

Gipuzkoako zein Lapurdiko itsasbazterretan, Bizkaikoetan ez bezalaxe –nik uste--, badira oinezko zidor guztiz ezagunak, klasikoak, tokian tokiko jendeak erruz ibiltzen dituenak. Nork ez du gero noiz edo noiz egin, behin baino ez bada ere, Deba-Zumaia, Zumaia-Zarautz, Orio-Igeldo, Donostia-Pasaia, Pasaia-Hondarribia, Hendaia-Sokoa edo Donibane Lohitzune-Biarritz ibilbideetakoren bat?

Iparragirrek duela mende eta erdi kantatu zuenez, “Herrialde guztietan toki onak badira, baina bihotzak dio, zoaz Euskal Herrira”. Jakinekoa, bai, Euskal Herritik kanpo mendi-txango ikaragarri politak direna --urrutiegi joan gabe Pirinioetan barrena, kasu— baina egia ere bada urte guztian zehar gailurrez gailur ibili ohi diren mendigoizaleak erabat txunditzen direla Gipuzkoako itsasbazterreko mendi-xendrak ezagutzen dituztenean.

Nago, Lapurdiko itsasaldea hareatsu samarra dela eta Bizkaikoa, ostera, malkartsuegia. Gipuzkoakoan bada, ordea, hondartzen eta labarren arteko dendu orekatua, bertako zein kanpoko ibiltariak, aldi berean, kitzikatzeko gauza dena.

Santiago-bidearen aitzakiaz landu beharreko sustapena baino haratago, Gipuzkoako itsasbazterreko ibilbide osoak, Hondarribitik Debaraino, eskertuko luke, nik uste, nolabaiteko estrategia osatu bat. Betidanik egon diren mendi-bideak markatzea ondo dago, baina euren arteko zubigintza errazteak eta elkarren  loturak iradokitzeak ez lukete aurrekontu handirik behar izango.

Belontziak

"Txakolinaren ibilbidea", Askizutik Zumaiarantza, maldan behera. Ezker-eskuinez, eukaliptoak. Aurrez aurre, mahastiak. Barrenean, belaontziak. Joan zen igandeko argazkia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: