Baikorrak eta ezkorrak
Canfranc-eko “Los Arañones” mendi-elkarteak Infernuko gailurrak (3.082 m.) zituen helburutzat azken asteburu honetako mendialdi-programaren baitan. Hala ere, hiru milako tontorra zailegia edo luzeegia izan zitekeelakoan zenbaitentzat, bigarren mailako beste aukera bat proposatu zitzaigun (iboi Urdinak), hainbat horma eta zirrikitu aldapatsu bezain estutan barrena pasatzeko beldur samar izan gintezkeenontzat.
Honelako eztabaidetan beti elkartu ohi dira baikorrak eta ezkorrak. Baikorrak dirateke sekula zailtasunik ikusi ez ezik, animatze aldera-edo esaten dizutenak: “kontuz ibiliez gero ez dago arazorik. Nik badakit nola zabiltzan zu mendian eta benetan diotsut gauza zarela goraino igotzeko”.
Eta ezkorrak, berriz: “begira, ez dakit zu baina, ni behintzat, ez naiz mendira sufritzera etortzen eta ez dut uste larri-larri ibili beharrik dagoenik. Zuk nahi duzuna egin ezazu baina nik, aukeran, nahiago dut erdi bidean geratu eta, gailurreraino doazenak itzultzen diren bitartean, ogibitartekoa jan, argazkiak atera edo iboian hankak freskatzen jarri”. Gero norberak erabakitzen du, jakina.
Auskalo mendizale nafarra baikorretakoa ala ezkorretakoa ote zen, baina ez du gehiago ez ogitartekorik jango, ez argazkirik aterako, ez oinak Panticosako iboi Urdinetan freskatzen jarriko. Berrogeita hiru urte zituen. Goian bego.
Garmo Beltza, Pondiello iboiak, Infernu gailurra, iboi Urdinak, Tebarrai iboia... guztia ingurune berean. Euskal Herritik hurbilen dauden hiru milakoak. Ondoko argazkiak larunbat goizekoak dira.
Infernuko gailurrak (3.082 m.) eta, barrenean, Garmo Beltza (3.051 m.)
Pondiellos iboiak
Tebarrai iboia