Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bai prestatuenak, ez prestuenak

Bai prestatuenak, ez prestuenak

Amatiño 2020/10/06 10:00
Pandemia dela-eta, urte latzak izango omen dira hurrengoak. Epe motzean, dagoenari heldu beharko zaio, baina, aurrera egingo badugu, ez da aski izango lehengoari begira gelditzea.

Aurrera egiteko, beharrezko proiektu eta inbertsio berriak aldarrikatu arren, gutxitan ditugu gogoan behar izango diren pertsonak. Hau da, ekileak, berritzaileak, buruzagiak, bultzagileak eta sortzaileak. Eta ez politikan soilik, baita ere zientzian eta ikerkuntzan, enpresa-munduan eta sindikatuen artean, hezkuntzan, kulturan eta beste hamaika arlotan.

Sarri aipatu izaten da, inoiz historian izan den belaunaldirik prestatuena dugula orain. Ez dut kontrakorik esango, baina prestatuena izateaz gainera, prestuena al da? Prestatua egotea eta prestua izatea ez dira, gero, berdinak.

Hitz biak dira aspaldikoak euskaraz. Gutxienez 1571an agertzen dira Leizarragak euskaratutako Testamentu Berrian. Ez da zaila oraingo belaunaldia ordukoa baino prestatuagoa izatea; baina, ordukoa bezain prestua al da?

Euskal historia errepasatzea baino ez dago konturatzeko, XVI. mende hartan garaikide izan zirela, besteak beste, Detxepare lehen euskal idazlea; munduari aurreneko bira eman zion Elkano; Asiatik Ameriketarainoko buelta Pazifikoan zehar asmatu zuen Urdaneta; Loiolako Inazio, lehen euskal multinazionala sortu zuena; Japoniaraino joandako Frantzisko Xabierkoa; beronen osaba, Martin Azpilikueta, filosofo eta ekonomialaririk handienetakoa; Lopez de Isasi lehen enpresari modernoa; inprenta Ameriketara eraman zuen Juan Zumarraga; hango pintura irauli zuen Baltasar Etxabe artista; Lope de Agirre “traidorea”; Garibay historialaria eta beste edozenbat, Euskal Herria munduan zehar zabaldu zutenak eta mundua aldatzen saiatu zirenak. Aipatutako denak euskaldun petoak ziren, guztira 600 mila lagun baino ez zituen euskal gizartean.

Bostehun urte geroago, orduan baino bost bider gehiago gara euskal hiritarrok. Seguru gero guztiok ere oso ondo prestatuak. Bai, baina, oso ondo prestatuak izateaz gainera, non daude, orain, mundua aldatu nahi luketen euskal hiritar prestuak?

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: