Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bai-bainako gizarte transbertsala

Bai-bainako gizarte transbertsala

Amatiño 2018/06/12 12:30
Oker ez banago, Eskozia izan zen aurrenetakoa, nazio-zentzua turismo-lelotzat ezartzen. Identitate-turismoaz ari naiz, ez folkloreaz. Folklorearen eta nazio-nortasunaren artean bada marra nabarmena, eta Eskozia izan zen marra hori aurrenik gainditu zutenetakoa.

Euskal Autonomia Erkidegoak ere maratila horri ekin zion orain hamabost urte. Turismo-inkestek orduantxe nabaritu zuten, lehen aldiz, edonongo turistek, oro har, eta espainiarrek bereziki, Euskadi aukeratzen zutela destino turistikotzat, Espainia barruko naziorik berezienetakoa zelakoan.

Euskaldunoi izugarri gustatu zitzaigun mezu hura eta berehala hasi ginen leloaz jabetzen, estatu galantaren barruan dirauen nazio txikerraren muina azpimarratzen, eta, bide batez, muina bere baitan biltzen zuen oskola ahazten.

Geroztik, turismoak espanturik gabe frogatu du Euskadira datozen turistek ondotxo dakitela “bere senaren jabe den herri desberdin batera datozela”, nahiz aldi berean sekula ez pentsatu, “atzerrira” datozenik.

Egia esan, inpresio hau ez dute sentitzen Euskadira datozen espainiar turistok soilik. Euskal herritarrek ere nekez uste dute Espainia atzerria denik. Arabar asko eta askorentzat Errioxa edo Gaztela-Leon ez dira atzerria; ez Bizkaiko Enkarterrikoentzat Kantabria, Gipuzkoako milaka abertzalerentzat Jaca atzerria ez den bezalaxe. Ezta espainiar telebista-kateak ere, afalosteko programak aukeratzerako orduan.

Sarri aipatu ohi da euskal gizartea anitza dela, transbertsala. Eta nik erantsiko nuke, euskal gizartea ez ezik, euskal abertzaletasuna ere transbertsala dela; eta, are gehiago, euskal nazionalismoa ere transbertsala dela.

Elebitasunarekin ere antzerako zerbait gertatzen zaigu. Euskara ez dago zalantzan, herri elebiduna nahi eta maite dugu, baina honek ez du esangura, antza, denok elebidunak izan behar dugunik. Euskal Herrian jende asko dago bere burua euskal gizarte elebidunaren parte sentitzen duena, horretarako euskaraz ikasi behar duenik sekula pentsatu ez arren. Elebidunak-edo dira, euskaraz jakin beharrik gabe, euskaraz dakigunon bizkar edo kontura.

Nolabait esateko, surrealista samarra bada ere, Euskal Herrian, gizartea, abertzaletasuna eta euskalduntasuna, hiruak gero, transbertsalak dira. Bai-bainakoak alegia.

Nik ez dakit hau guztia ona edo txarra ote den. Honela dela baino. Eta komenigarri litzateke ez ahaztea, erdi gezurretan bizi eta, egunen batean, nora ezean esnatu edo itzarri ez gaitezen.

EUSKADI IRRATIA - Albieste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: