Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bada giro

Bada giro

Amatiño 2020/10/28 10:30
Txirrindularitza gustuko edo ez, bazkalosteko "Ez da giro" eta "On tour" saioek erakutsi digute txukun asko egindako jardunaren lagina, kalitatezko emaitza eta kategoriazko lan-taldearen profesionaltasuna.

Sailez sail, nekez dira EiTBko telebista eta irratia alderagarriak, baina bateko zein besteko formatoak parekatzekotan, nago, kirol-albistegiak eta kirol-programak direla bietan nabarmen onak. Bai Euskadi Irratian, noski, irrati-programazio osoaren maila onean, baina baita Euskal Telebistan ere, gainerako telebista-saio askoren mailaren gainetik.

Frantziako zein Italiako txirrindulari itzulien inguruan, ETBko kirol-erredakzioaren lan onaren adierazgarri dira --iaztik, barrena-- "On tour" eta "Ez da giro" programak, Joseba Urkiolaren zuzendaritzapean. Txirrindularitza gustatu edo ez, bazkalosteko programa hauek azaldu izan digute, eraz eta moldez, zentzuz eta taxuz, ganoraz egindako jardueraren froga, kalitatezko eskaintza eta herronka handiko talde-lanaren profesionaltasuna.

Informazio zehatzez, ekoizpen-egituraz, diseinu-tankeraz, jostatze-moldez, dotore asko eta hizkuntza osatuaren normaltasunaz, "On tour" eta "Ez da giro" saioek, ondotxo merezi izango lukete, batak zein besteak,  ETBko programazio-parrilaren dominarik dirdiratsuenetako bat.

Bitxia da, gero. Inork ez luke esango kirolzaleak direnik gizarteko hizkuntza-mailarik jantziena darabiltenak, baina programa bi hauen euskara da jantzienetakoa. Inor gutxik uste izango du kirolzaleena denik audientziarik jasoena, baina bi saio hauek diete euren ikusentzuleei begirunerik jasoena.

Hau ez da kasualitatez. ETBko hainbat aurkezlek eta gidoigilek jardun ohi dute, zabarkeria hutsez, pobreziaren pobreziaz, euren ikusentzule potentzialak gainerako telebistetako audientzien soberakin uzkurrak balira bezala. "On tour" eta "Ez da giro" saioetako lan-taldeak uste du, ostera, bere ikusentzuleria dela merkatuko  telebista lehiakorren goi-mailetara ohiturik dagoen jenderik zorrotzena eta kritikoena.

Ez da giro
Fermin Aramendi, Pedro M. Goikoetxea, Alfonso Arroio, Alessandro Ruta eta Xabier Usabiaga.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: