Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Back home

Back home

Amatiño 2024/09/15 18:55
Aurreko milurtearen azken hamarkadan, igande goiza eta New Yorken. Eguerdi ostean banuen hitzordurik baina ez, ostera, bazkalaurrean jakineko zereginik. Gosaldu osteko bizpahiru ordutan zer egingo eta, hara, Harlem auzoan gospel ekitaldia.

Taxia eskatu, sartu, eta paper pusketan idatzia neraman helbidea eman nion indiar edo pakistandar iruditu zitzaidan gidari beltzaranari. Begirakunea bota eta, autoa abian jarri ahala galdetu zidan:

Ezagutzen al duzu lekua?

Ezetz erantzun nion. Estreinako zela. Ez zuen berak zipitzik ere ezarri, baina zenbait minutu geroago, berriro ere galdera.

Eta… jakineko asmoren bat-edo… bertaraino joateko?

Baietz erantzun nion. Gospela leku ezin aproposagoan eta zuzenean entzuteko aukera. Behar bada, beste behin nekez izan nezakeen egokieraz baliatzeko abagunea… Berriro ere, isilunea. Eta isilunearen ondotik, beste galdera labur bat:

Beraz, ez zara inoiz aurretik inguru honetan izan…

Ezetz, estreinako aldiz zela. Baina irrikaz nengoela ezaguteko eta nire gaztetako Elvis Presleyren musika-iturrietara jotzeko.

Izango duzu, baina, inor zure zain?

Ez, ez nuen inor zain. Inor ez nuen ezagutzen. Tokian tokiko gospela bertatik bertara entzun nahi zuen zalea baino ez nintzen.

Zenbat eta iparralderago jo, Fith Avenue delakoan zehar Manhattan uharteko eraikin erraldoiak, museo garauak, egoitza handiak eta saltoki dotoreak murriztuz zihoazen heinean, kale-bazterrak gero eta traketsagoak eta autoak hogeitaka urte zaharragoak,   baita hiritarren janzkerak nabarmen narrasagoak ere.

Konturatu orduko, nire burua antzeman nuen West Side Story filmaren giro ilunantzean, non gazte-taldeak espaloietan egonean zeuden, nora ezean begira, nor aurretik pasatuko zain-edo. Eta txoferrak, inork egin gabeko galderari erantzun nahi izango balio bezala, erantsi  zuen.

Hemen denak beltzak dira eta, aurrera jarraituz gero, zer esanik ez…

Ezin ulertu zer esan nahi  zuen, are gutxiago kontuan izanda bera, nire irudiko, hurrago zegoela salatu nahi zuen beltzetik faltan botatzen bide zuen zuritik baino. New Yorken, taxilari hinduak ere arrazistak ote?

Baina, halakoren batean, ezer gehiago adierazi beharrik gabe, autoa espaloi alboan geratu eta, urduri antza, esan zidan, ikatz koloreko begi handiak ispiluan jarriz:

Begira jauna, nik eramango zaitut edozein lekutara, eta utziko zaitut zuk nahi duzun kantoian, baina, behar bada, ez duzu gero hemendik ateratzerik izango. Zerorrek esan.

Eta, birritan pentsatzeke, esan nion: Back home.

Asier Arregi
Asier Arregi dio:
2024/09/16 09:37
Joe, kasualidadia gero, aurreko asteko domeka goizian egon nitzan Harlemgo gospel meza baten, ziurrenik garai hartan baino egokituagoa txurientzat, turistikoegia ez zen bat bilatzen saiatu arren... Benetan zirraragarrixa, emozionantia eta politta begittandu jatan, sermoiak luzetxo jota be, "eimen", "eimen" eta "eimen".
Gero, Apolo teatro ingurutik ibili eta handik bueltan mokautxoren bat hartzeko toki bila, Malcom X Boulevard-en perpendikular baten, nahi barik, yonki beltzez betetako kale baten sartu giñan, diskretuki eta zentzumenak argi, baina beldurrak egotera heldu barik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: