Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Azkueri zor zaion ezagutza

Azkueri zor zaion ezagutza

Amatiño 2016/12/14 00:05
Lekeitioko herriak, Euskaltzaindiak, sabindarrek eta euskaltzale orok omenaldia eskaini zioten Resurrección M. Azkueri 1936ko ekainaren 28an. Ekitaldia amaitu ostean, Aitzol, Orixe, Antonio M. Labaien eta Aita Altzo kaputxinoa, bertako kaian motordun txalupa hartu eta, Donostialdera abiatu ziren itsasoz. Segurutik, lauzpabost ordu behar izango zituzten etxeratu orduko baina, antza, Lekeitiotik Donostiara joateko biderik azkarrena zen garai hartan.
Azkueri zor zaion ezagutza

Bilboko Udalaren Miguel de Unamuno XV. Saria

Honelako makina bat xehetasun bitxi, bakan eta interesgarri eskaintzen ditu txitean pitean Jurgi Kintana Goiriena historialariak AZKUE. Bilbotar ezezaguna (Erein, 2015) izenburupeko bilduma mardulean. Batek daki zenbat ordu behar izango ote zituen doktore honek, sekula Azkue zenaren bizitzaz egindako bilketarik oparoena osatu ahal izateko… “gaztetako ikasketak, euskara katedrako urteak, militantzia politikoak, euskararen inguruko proiektuak, Europako bidaiak, euskal hezkuntza lortzeko nekeak, konpositore garaiak, Euskaltzaindiko gorabeherak, Gerra Zibileko urteak…” Txapela kentzeko moduko bilketa-lana. Kristoren informazio-kutxa.

Baina datu soilak bildu ez ezik, Jurgi Kintana unean uneko testuingurua azaltzen ahalegindu da gogotik, garaian garaiko jarrerak ulertarazteko abiapuntuak eskaintzen, sasoian sasoiko ideologia-jokabideak aletzen, indar kontrajarrien eta nondik norakoen zertzeladak argitzen. Beti ere Azkue ardatz nagusitzat hartuz, eta euskara zein Euskal Herria irentsi beharrez zetorren modernitateari zelan edo halan aurre egin gurarik, lekeitiarrak mende erdi luzez landu zuen egitasmoaren ildotik.

Azkue jaio zen (1864), Unamunoren (1864) eta Sabino Aranaren (1865) aldi berean. Zortzi urte zituen Bigarren Gerra Karlista hasi zenean; 24, Bizkaiko Diputazioaren lehen euskara-katedra irabazi zuenean; 30, Euskeldun Batzokija Bilbon ireki eta, estreinako, ikurrina eseki zenean; 37, Unamunok euskarari etorkizunik ukatu zionean; 41, euskara-gaztelania-frantsesa hiztegia burutu zuenean; 55, Euskaltzaindia sortu eta euskaltzainburu hautatu zutenean; 60 inguru, Euskal Morfologia eta Euskalerriaren Yakintza moldatu zituenean; 72, Lekeition omenaldia eskaini ziotenean eta Franco demokraziaren aurka altxatu zenean.

Unamuno bera baino bilbotarragoa izan zen Azkue ezezaguna 1951an hil zen, 87 urtez, lanean aritu ostean Euskaltzaindiaren egoitzatik atera eta aurreko ibaira jausi zelarik. Bizitza osoa, lanean. Orain sumatu ere nekez sumatu ditzakegun zailtasun, eragozpen eta ezintasunen kontra. Beti eragile, inoiz bakarrik, sarri egiazko etsaiak zeharkatzen eta, tarteka, balizko lagunak zaletzen. Euskararen egoera arras bestelakoa litzateke egun Azkueren lan eskerga izan ez balitz.

Euskara zorretan zaio Azkue handiari. Eta euskaldunok ere zorretan gatzaizkio Jurgi Kintanari, haren handitasuna bildu, azaldu, ezagutarazi eta aldarrikatzeagatik. Beti oinarrizko erreferentzia izango den liburua.

Zenbait gaztek antzinakotzat joko ditu, behar bada, kontu hauek. Baina Azkue, Unamuno eta Arana jaio zirenerako, nire aitona bietako batek 21 urte zituen. Atzo gaur da.

asier
asier dio:
2016/12/14 08:58
"Zein izan nahiko zenduke nausittan?", ba, "Azkue" erantzungo neuke ;)

Apuntau dot liburua, Olentzerori eskatzeko.

Eta zuk, ez badozu irakorri, beste hau eskatu zeinkixo Olentzerori: "Urre urdinaren lurrina" (Erein, 2009). Kintanaren aurreko liburua. Neri, behintzat, asko gustau jatan: http://eibar.org/[…]/urre-urdinaren-lurrina-kintana-2009
Oier Gorosabel Larrañaga
Oier Gorosabel Larrañaga dio:
2016/12/18 23:07
Lekittar eta donostiarrak itsasozko harreman estua izan dabe aspaldittik, oso kuriosua da: 1719ko setiuan be alkarri laguntzen ibilli ziran http://eibar.org/[…]/descripcion-sumaria-de-la-villa-de-lequeitio-1740
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: