Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Azkue maisuaren umore abila

Azkue maisuaren umore abila

Amatiño 2020/05/22 14:10
Gogotik irakurtzea merezi duen hitzaurrea. Hogeitaka orrialde inguru baino ez dira, baina nekez, testu berean, horrenbeste informazio, datu, zehaztasun, ezaupide eta azpìmarra sakon, batetik; eta, aldi berean, hainbeste zirikada, eztenkada, adarjotze, ipurdiko eta matraileko zorrotz, bestetik. Auskalo zelakoa izan ote zen Azkuek Gasteizko apaiztegian nahiz Salamancako unibertsitatean ikasi behar izan zuen orotoria baina, zer ikasi ere, benetan polemista abila, gero, gure Don Resu.
Azkue maisuaren umore abila

London, 1930

Azkue
Azkue
Bi mila eta laurehun euskal kanta inguru aurkeztu ziren 1915an, lau foru diputazioek elkarrekin deitu zuten kantu-sorta lehiaketara. Gehien-gehienak Azkueren eta Aita Donostiaren eskutik aurkeztu ziren eta lehen saria lekeitiarrarentzat izan zen. Datua Rodney Gallop (1901-1948) folklorista ingelesak jaso zuen a book of the Basques*(London, 1930) liburu ezagunean, euskal herri-kantutegiaren garrantzia munduan barrena adierazteko. Bi milatik gora kanta ez dira, gero, artaleak. Herri gutxik, beste horrenbeste. Eta Azkuek aitortu zuenez, bilduma paregabe hura ia-ia azken unean gorde ahal izan zen, ez baitzuen ordu arteko herri-memoriak beste belaunaldi bat gehiago iraungo.

 

Azkueren bildutako kantuen (1.900 edo) erdiak inguru (1.001) 1918-1921 urteetan argitaratu ziren Cancionero Popular Vasco izenburuaz, eta lan garau hura aurkezteko nor ausartuko aurkitu ez zuenez gero, Azkuek berak hitzaurre gisa ezarri zion zenbait hilabete lehenago Bilboko Filarmonika Elkartean emandako hitzaldia: “Música popular vasca. Su existencia”**. Sekula titulu lasaiagorik hain testu ziritsuarentzat.

Edozein modutan, hitzaldi aparta, apartarik bada, non lehen euskaltzainburuak frogatu zuen, euskal herri-musikaz jakitunenetakoa izateaz gainera, zein ondo menderatzen zuen gaztelania; zein ironia handiz zekien isekarik gordinena egiten kortesiarik dotoreenaren samurtasunaz; zein maisu zen garratz asko idazteko, molderik gozoenez arituko bailitzan; eta zein ostiko mingarriak eman zitzakeen hankartean, maite-maite esaten ferekaka ziharduen bitartean.

Gogotik irakurtzea merezi duen hitzaurrea. Hogei horrialde inguru baino ez dira, baina nekez, testu berean, horrenbeste informazio, datu, zehaztasun, ezaupide eta azpìmarra sakon, batetik; eta, aldi berean, hainbeste zirikada, eztenkada, adarjotze, ipurdiko eta matraileko zorrotz, bestetik.

Auskalo zelakoa izan ote zen Azkuek Gasteizko apaiztegian nahiz Salamancako unibertsitatean ikasi behar izan zuen orotoria baina, zer ikasi ere, benetan polemista abila, gero, gure Don Resu.

                                                                          ---oOo---

*Liburu hau-edo gaztelaniaz argitaratu zen Madrilen 1948an. LOS VASCOS. Versión española de Isabel Gil de Ramales. Dibujos de Marjorie Gallop. Sarrera aurretik zera irakurri daiteke: "Se ha hecho una tirada especial de ciento setenta y cinco ejemplares, en papel de hilo y numerados del 1 al 175".

**Izatez, hiltzaldi bi dira. Aurrena, 1918ko urtarrilaren 21ean emandakoa, eta, bigarrena, "La música popular vasca y la griega", bi hilabate geroago, martxoaren 18an. eskainitakoa. Bigarren hau ez da hain irribarretsua. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: