Azken afaria
Pellokeria bada ere, esan gabe doa zinea telebista baino lehenagokoa dela. Eta ildo beretik, hurrenez hurren, jakinekoa ere bada telebistak zinegintza baldintzatu duena. Hots, zine-moldeak dezente aldatu direna, filmak zinemetako kaxa ilunetan ezezik etxeko telebista-pantailetan ere ikusten direnetik. Hala ere, ezin esan De dioses y hombres filma telebistaren morroi edo otsein denik. Alderantziz, Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen pelikula hau zine-zinea da, aretoetako kaxa ilunaren bakardade hausnarra aldarrikatu eta etxeko edozein formato txiki arol arbuiatzen duena.
Filma, hasi eta buka, etengabeko sekuentzia bakanez josita dago. Espiritualitatea, ekumenismoa, gizatasuna, anaitasuna, elkarren arteko begirunea eta batere modan ez dauden beste hainbat balore nabarmentzen dira bata bestearen ostean, denak ere arruntenak eta ohikoenak bailiren. Erretorika gutxi eta praktika, eguneroko adibide, asko. Egoera ulertzeko lagungarri Atlasko (Aljeria) herritarrak berbereak direla eta monako zistertarrak, ez misiolari eta ez proselitistak. Eta lagungarri bezain indargarri, noski, kontatzen duena benetan gertatu izana (1996).
“Azken afaria”, berriz, mundiala, txundigarria. Eta abadeen aurpegiz aurpegiko lehen planoen arteko travelling-a, alde batera zein bestera, zine-eskoletan aipatu beharreko pasarte horietakoa. Ha zelako aktore-puskak gero!
Gai bakoitzak bere giroa du, bere publikoa. Larunbat arratsalde-erdian behintzat adineko jendea erruz, eta begi bistan nabarmen hirurogei urtetik gorako emakume-taldeak. Lekaimeak? Zahar-etxeren bateko egoiliarrak? Edozein modutan, ageri-agerikoa gizarte-komunikabide ofizialez gainera bestelako informazio-erretenik ere izan badela.