Askarrunbideazpikosoluko misterioa
Litografia honek azaltzen du 1840ko abuztuaren 31an. ospatu omen zen lehen urteurrena, monolito eta guzti. Dena asmakizun hutsa ote?
José I. Lasa ikertzaile eta idazle frantziskotarrak zera idatzi zuen 1968an: “… a pesar del máximo interés manifestado por elementos tan importantes como el Senado de España y sus provincias vascongadas, nunca se realizó la erección del monumento al Convenio”.
Baina Jose Antonio Zabalari (Arizondo aldizkaria, 1976ko azaroan) jaramonik egingo badio, bigarren karlistaldiari ekin bezain laster, karlistak ikaragarri ahalegindu omen ziren ahalik eta bizkorren Bergaraz jabetu eta harako besarkada lotsagarria gogorarazten zuen monumentua triskatzeko.
Bergaran aurrena sartzen Antonio Lizarraga Gipuzkoako Komandante nagusia izan zen eta, haren aginduz, txapel gorriek monolitoa gainbehera bota zuten, lurpean gordeta zegoen itun-agiria azaleratu eta bertan erre: “La Revolución quiso enterrar en Vergara al partido carlista . Nosotros estamos aquí para enterrar en el mismo campo la obra de la Revolución”.
Zenbait aztertzaileren ustez, badirudi egia litzatekeela oroitarriren baten azpian gordeta zirauen agiria erre izana, baina ez, ordea, aurrez eraiki (ez) zen monolitorik birrindu izana.
Zalantzak areagotzeko hona Nikolas Soraluze Zubizarreta historia-akademikoak garai hartan Gipuzkoan zeuden monumentuez idatzitakoa (Los fueros de Guipúzcoa, 1866): “Grandioso es el de Loyola; lo son también, como recuerdo histórico de gran renombre, el decretado por las Cortes en conmemoración del Convenio de Vergara, el de Elcano en Guetaria, el de la Isla de los Faisanes y el del eminente marino Churruca”.
Hau irakurrita, zalantza bikoitza da. Batetik, ordurako (hogeita zazpi urte geroago) monolitoa eraikita baldin bazegoen, zergatik esan “decretado”? Eta, dekretatua izan arren, azkenean eraiki ez baldin bazen, zergatik Gipuzkoan zeuden monumentuen artean aipatu?
Arantzazu Oregi Bergarako Artxiboaren arduraduna da eta bere ustez “ezin gero esan eraiki ez zenik baina, gaur egun udal-artxiboan ditugun agirien arabera behintzat, ezin ere esan eraiki zenik”.
Bergarako hiri-planoa, XX. mendearen hasieran. Goialdean, Askarrunzgo zubia eta inguruko soroa.