Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Azalpenak nekez dira kalterako

Azalpenak nekez dira kalterako

Amatiño 2019/12/22 18:30
Eguberri garaiko kontzertu ederra eskaini ziguten Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koralak, Euskalduna jauregian, Schöbergen kontakizun musikala eta Beethovenen sinfonia “Korala” tarteko. Ederra bai, benetan, baina aitzakiarik gabekoa, ezin esan. Aukeran, pare bat azalpen erraz falta izan zitzaizkion sekulakoa izateko.

Batetik, Arnold Schönbergen (1874-1951) “Varsoviatik bizirik ateratako bat” Op.46 konposizioa ez zen eresirik atseginena gertatu --nahiz abesbatzak kantatzeari ekin aurreko kontakizun musikala laburra izan eta Milan Siljanov baxuaren ahotsa gardena eta argia--, asper samarra suertatu baitzen… ingelesez errezitatua izan zenez gero.

Hain zaila eta ez ohikoa al da ba bat-bateko itzulpena eszenategi gaineko idazkunetan eskaintzea, opera-saioak txitean pitean antolatu ohi dituen musika-jauregian? Nago, Schönbergen konposizio musikalaren nondik norakoa aditzeko funtsezkoa dela testua ulertzea. Zelan bestela gerra denboran Varsovian bizi izandako ghetto giroaz eta izuaz jabetu? Benetan inork pentsatzen al du Bilbo inguruko gizarteak ez duela ingeles-itzulpenik behar?

Eta, bestetik, Schönbergen kontakizun musikal laburra amaitu bezain laster, txaloak jotzeari betarik eman gabe eta, artean, Milan Siljanov baxuak taulan zutik jarraitzen zuelarik, horra non hasiko Ludwig Van Beethovenen (1770-1827) 9. Sinfonia, ezelango batere geldiunerik eta azalpenik gabe, ikusentzulegoa nora ezean utziz.

Erabakia Erik Nielsen BOSeen zuzendariaren nahia eta asmoa izan omen zen, alegia: Varsoviako sarraski ikaragarriarekin hasi eta, ondotik, etenik gabe, bederatzigarren sinfonía “koralaren” alaitasun- eta itxaropen-ereserkiaren jarraitu eta amaitu. Segurutik oso gurari poetikoa baina, zergatik ez audientziari aldez aurretik esan?

Musika-tradizio handiko hainbat hiri europarretako kontzertuetan erabili samarra da adituren baten aurkezpena zeinetan hitzaurre gisako sarrera eskaini ohi den kontzertua hasi aurretik, eta, esango nuke, jendeak, normaltzat jo ez ezik, esker onez ere hartzen duela. Baita, inoiz, aurkezlerik ezean, orkestra-zuzendariak berak bertatik bertara azalpenak eman ere.

Sekulako programa. Orkestra ona eta aparteko abeskatza. Baina kontakizuna ingeles hutsez eta mende ezberdinetan bizi izan ziren bi musikariren arteko interpretazioak elkarren ondotik, batere etenik gabe, konposizio berberaren bi mugimendu bailiren.

Barkatuko dute bilbotar lagunak baina… ez dut uste Donostiako Kursaalean horrelakorik inoiz egingo litzatekeenik. Audientziari (2.000 lagun inguru) egin dakizkiokeen azalpenak nekez dira kalterako.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: