Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Axularreneko zintzarria

Axularreneko zintzarria

Amatiño 2015/02/26 23:55
Etxean dudan tresnarik maitatuenetakoa bi joaredun lepoko txiki bat da, ardientzakoa-edo neurriz. Axularreneko baserrian eman zidaten, opari, 1972an. Artean laborari-jendea bizi zen Urdazubiko etxerik ospetsuenean. Hurrengo hamarkadan, demokraziarekin eta Nafarroa erakundetzearekin batera, etorri ziren eraberritzeak, oroitarriak eta bertan jaiotako Pedro Agerre Azpilkueta idazleari zor zitzaizkion omenaldiak.

lAxular         Axular, 1972

Pedro Axular idazlearen jaiotetxea, Urdazubin. Gaur egun eta 1972an, nik ezagutu nuenean

Hutsaren hurrengo dakit nik etnografiaz eta ez natzaio ezein adituri joan azalpen eskaka, baina esango nuke –edo sinetsi nahi nuke— zahar samarra dela, aspalditxokoa, antzinakoa-edo. Arrazoi bi ditut bart gauekoa ez dela sinesteko.

Batetik, lepo-ingurua ez da kate, uhal edo soka antzeko lokarria, zumitzezkoa baizik. Nolabaiteko espal bihurrria da, ikaragarri malgua, batere lotura edo itxiturarik ez izan arren, aitaren batean kendu-ipinikoa.

Bestetik, joare baten mihia burdinazkoa bada ere, bestearena hezurrezkoa da edo, hobeto esan, animaliaren (abere?) baten hagina ematen duena. Gainera, lepoko zumitza landua dago, apal asko baina landuxea, apaindua alegia.

Zer nahi delarik, Axularreneko bertako tresna, bene-benetakoa. Auskalo noizkoa den. Segurutik ez da, ezin izan, Pedro Agerre teologo salamankariak mutikotan inoiz erabili izandakoa. Baina, kontrakorik ere ez dit, behar bada, inork frogatu ahal izango.

Osoa

Bi joaredun lepokoa

Barrutik

Mihi bietako bat hagina da

Landua

Zumitzezko lepokoa, apal landua

alberto
alberto dio:
2015/02/27 08:47
Uztaixa jakak horrek lepokuorrek izena, behintzat Elgeta aldian. Ondiok be ferixa-lekuetan ikusten dok. Gaztainiakin egiten dok,normalian.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: