Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Axularren gerizapean

Axularren gerizapean

Amatiño 2023/07/03 08:55
XX. mendearen hasierako Euskal Pizkundearekin batera, 1901etik 1933ra bitartean, hainbat ospakizun, topaketa eta bilkura antolatu zuten elkarrekin Bidasoaz gaindiko euskal idazle eta euskaltzaleek. Giro haren berri jasotzen du “Axularren gerizapean” liburuak, ateburuan Kepa Altonagaren berme-zigiluaz.

Maddi Ariztia
Maddi Ariztia, 1877-1972
Tene Mujika
Tene Mujika, 1888-1981
Jule Gabilondo
Jule Gabilondo, 1902-1994

Besteak beste, 1901eko irailaren 16an, lehen aldiz bildu ziren Hendaian 38 euskaltzale* ortografia bateratzeko kongresuan; 1908an, berriz, Euskaltzaleen Biltzarra eratu zen Kanbon; 1914eko urrian, “Zornotzako bazkaria”, Amorebietan; 1921eko ekainean, idazleen bilkura Oiartzunen; 1924eko maiatzean, beste horrenbestekoa Lapurdiko Getarin; 1925eko irailean, Axularren Eguna ospatu, Saran; 1930eko abuztuan, Zarautzen, Lehenengo Andereño Idazleen Batzarra; eta, 1933ko uztailean, euskal idazleen bilera Elgoibarren.

 

Bilera horien guztien inguruan edozenbat datu bilduz osatu du Kepa Altonagak Axularren gerizapean kronika-saiakera oparoa, eta, haien guztien karietara, han-hemenka bildutako denetariko pasadizo, gertakari, ipuin, kontakizun, iruzkin, istorio eta anekdota. Ez da, gero, xehetasunik eza Altonagaren ajerik handiena, etenik gabeko datu-jario dantzaria baizik.

Auskalo zenbat ordu behar izan ote dituen Altonagak horrenbeste informazio biltzeko. Zenbat liburu, agiri, txosten, azterlan, artikulu, hilerri eta hemeroteka ez ote dituen pazientzia handiz aurkitu, behatu eta miatu behar izan, amaieran laburbildu dituen 76 oharrak eta beste osatu ahal izateko.

Bilduma erabat poliedrikoa, haritik tiraka, matazaz mataza eta jauzirik jauzi, ezusteko zertzelada adierazgarriak eskaintzen dituena. Beti ere daturik zehatzen eta egiaztagarrienen bila, “ezin jasanez errealitatea mizkinak lorrindu diezadan kontakizun ederra” baina, azkenean, beti ere, egiari zordun.

Emakume aitzindariak

Testu soila –Altonagaren ohiko prosa arteza bezain zorrotza eta adierazkorra tarteko— berez da, bai, aski eta sobera idazlanaren irakurketa aholkatzeko. Hala ere, aukeran, bi dirateke liburua nabarmen baliosten dutenak, ez balira ere saiakeraren meritua murriztuko ez luketenak:

-- Batetik, erantsi ahal izan dituen garaiko berrogeitaka argazki “zaharren” bilduma, non kalitatea lekukotasun historikoaren morroi den.

-- Eta, bestetik, gizonen oligopolio hartatik preseski galbahetu nahi izan dituen emakume aitzindarien erreferentzia argiak: Maddi Ariztia (1877-1972) Iparraldeko euskarazko lehen emakume idazlea; Maddi Elizaga** (1899-1941), beti gizonezkoz inguratua agertu behar izan zuen andrazko bakarra; Tene Mujika debarra (1888-1981), lehen aldiz emakumeez idatzi zuen emakumea;  Jule Gabilondo 'Maite"' (1902-1994) idazle mungiarra; edota, Zarautzen, “Lenengo Andereño Idazle batzarra” (1930-08-30) osatu zuen hamaikakoa, M. Pilar Lekuona, Elbira Zipitria, Maria Aristizabal, Miren Gabilondo, Miren Etxabe eta denborak ahaztu dituen gainerako seiak.

Behar bada ez ziren denak, zehatz, Axularren "gerizapeko" izan, baina bai, ordea, kosta ahala kosta, asmatu edo ez, nor bere gisara, Axularren "eguzkipekoak".

Edozein modutan, Kepa Altonaga txindurri beharginaren lan aspergaitza

* Azkue, Sabino Arana, Unamuno (liburuaren azalean), Joxemiel Barandiaran, Hiriart-Urruti, Irigarai "Larreko" eta beste tarteko.

**  Nonbait, Altonagak ez du Maddi Elizagak inoiz euskaraz bere kasa ezer idatzi zuenik frogarik aurkitu.

Maddi Elizaga
Maddi Elizaga, gizonezkoz inguratua, Getariko bazkaltiarren artean. Ezkerrean, lehena eserita, Aita Donostia (1924).
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: