Axular, zibilen kontrolpean
Helduak alfabetatzeko lehen programei 1966 urtetik aurrera ekin zien Euskaltzaindiak, Rikardo Arregik, Iñaki Beobidek, Mikel Lasak eta Juan San Martinek egindako eskariz. Oker ez banago, Arregi izan zen 1967an burutu zuena irakasleak prestatzeko lehen ikastaroa. Susmoa dut “probintziakoak” ez ote ginen igande goizetan Donostiaraino joaten eta, Serafin Basaurik kontrakorik ez badio, esango nuke hainbatean elkarrekin joan ginela.
Piarres Lafitte euskaltzainaren “Eskualdunen Loretegia” (XVIgarren mendetik hunateko liburuetarik bildua) nola heldu ote zen gure etxera ez dakit. Ez zen, ez gaiz eta ez garaiz, gure ama zenak erosi izaten zituenetakoa, eta ez dut gogoan nire burua, horrelakorik Baiona aldean erosten. Daitekeena da Donostiako Arbelaitzenean (Manterola) izatea. Kontua da hartaz baliatzen ginela, testuak aukeratu, makinaz idatziz, ziklostilez kopiak egin eta ikasleen artean zabaltzeko.
Alfabetatze-ikastaroen helburua, Rikardo Arregiren eskakizunei jarraituz, ez zen euskal gramatikarik lantzea, euskaraz irakurtzen eta idazten ikastea baino, nor bere buruaz konpontzeko beste, ez gehiago eta ez gutxiago. Hartara, ez dakit zergatik jotzen genuen klasikoengana –esaterako, Arantzazuko Egutegia landu beharrean-- baina, segurutik, garaian garaiko ajeak baino ez ziren.
“Eskualdunen Loretegia” deritzan antologiak XVI. mendeko bi idazle biltzen ditu (Detxepare eta Leizarraga), XVII.eko hamalau autore eta XVIII.eko hogeiren bat. Gehienak iparraldekoak eta, gure euskozentrismotik ikusita harrigarri bada ere, gehiago dira Nafarroa Garaikoak, egungo Euskadikoak baino.
Jakineko idazle ezagunen testu hautatuez gainera, nabarmentzekoak dira amaieran antologiak biltzen dituen "Errobuluzioneko kantuak". Bi bertso-sorta eskaintzen ditu, "Nazioneako besta" (13 ahapaldi), Frantziako iraultzaren (1789-1799) alde, eta "Nahasmenduaren ondoan" (12 ahapaldi), aurka.
Zer esanik ez, idazle hautatu guztien artean jauntxorik (ez da batere emakumerik) eredugarriena Axular zen eta, Guardia Zibilaren kontrol hartan behintzat, Axularren testuenak ziren kopiarik gehienak. Historiak nekez jakingo du zer arraio egin ote zuten harako material 'arriskutsuaz', baina, zorionez, jatorrizko liburuxkak gurean jarraitzen du.
Ustez, liburu zahar zaleek maita dezaketen ale bitxia, behar bada. Baina, izatez, gaur egun edonork 50 eurotan eros dezakeena. Amazonera jo besterik ez du.