Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Axular maisua, Materre ikaslea. Nork nori kopiatu?

Axular maisua, Materre ikaslea. Nork nori kopiatu?

Amatiño 2009/09/09 00:11
Edo Axular handiak lotsa handirik gabe kopiatu zion Paristik etorritako Materre ikasle euskaldunberriari, edo Materrek irakurria zuen Axular maisuaren hitzaurrea “Gero” argitaratu baino, barrena, 26 urte lehenago.

Miren Azkarate euskaltzainak Zer da Euskal Herria? Iritzi-artikulua argitara eman berri du Noticias taldean, hor nonbait izan den eztabaida sasipolitikoa dela-eta, azken bost mendeotako tradizioa zertan den edozenbat datu eta informazio-iturri eskainiz.

Nonbaitetik hasi behar eta, Azkarate irakasleak Joan Perez de Lazarraga, Joannes Leizarraga eta Pedro Axular aipatu ditu lehen eta behingoz, baina ez du ostera gogoan izan garai bereko Estebe Materre frantziskotarra, Parisen jaio, Saran euskaraz ikasi eta Dotrina Christiana (1617) euskal katiximaren idazlea. Ene ustez Estebe Materre gogoan hartzekoa da, paristarra izaki gutxienez birritan aipatzen baitu “Euskal Herria” harako katiximaren hitzaurrean. Hona:

Dotrina por ti.

Gaiñerakoan badakit Euskal-Herrian añhitz moldez mintzatzen direla, eta hori bere herriko euskara zaikala hoberenik eta ederrenik; eta handik gogora emaiten deraut ene eskiribatzeko molde haur etzaiela guziei ongi iduriko. Baiña nahi dut iakin dezaten halakoek, nik hitzkuntza hunetan dakidana. Saran ikasia dudala eta hango euskara ongi erabiltzen badut ez naizela gaitz erraiteko, eta ez arbuyatzeko, zeren ezpaitakit nik hangoa baizen. Ordea eta Sarako euskara denez Euskal-Herriko hoberena eta garbiena, ez naiz ni hartan sartzen, bat-bederak emanen du bere iduritik. Eta Sarako euskara hunetzaz kontent eztenak eskriba beza bertze euskara hobeago batez eta hobekiago; ez naiz ni hargatik bekaiztuko.

Baina testu honen irakurketak Euskal Herria izena ordurako ohikoa zela adierazteaz gainera, gutxienez beste bi zertzelada erakusten dizkigu:

Bat. Pierre Lafittek* aditzera eman bezala, Materrek Saran ikasi zuela euskaraz, garbi asko aitortzen baitu frantziskotarrak berak.

Bi. Aitortu ez arren, Axular maisuaren eskutik euskaraz ikasi ez ezik, maisu jaunari kopiatu ere kopiatu ziola nabarmen asko (ala alderantziz ote?). Alderatu bestela bi testu-sail hauek:

Axularrek: Zeren anhitz moldez eta diferentki mintzatzen baitira euskal herrian (…) Nori berea iduritzen baitzaika hoberenik eta ederrenik

Materrek: Badakit Euskal-Herrian añhitz moldez mintzatzen direla, eta hori bere herriko euskara zaikala hoberenik eta ederrenik;

Axularrek: Hunetaz kontent ezpazara, egizu zuk zeure moldera, eta zure herrian usatzen eta segitzen den bezala. Zeren ez naiz ni hargatik bekhaiztuko.

Materrek: Euskara hunetzaz kontent eztenak eskriba beza bertze euskara hobeago batez eta hobekiago; ez naiz ni hargatik bekaiztuko.

Halere, harrigarriena ez da esaldion parekotasuna, liburuen argitalpen-data baizik. Izan ere, Materrek 1617an argitaratu zuen bere katixima ezezaguna eta Axularrek, berriz, 1643an Gero ospetsua.

Beraz, edo Axular handiak lotsa handirik gabe kopiatu zion Paristik etorritako Materre ikasle euskaldunberriari, edo Materrek irakurria zuen Axular maisuaren hitzaurre-zirriborroa Gero argitaratu baino, barrena,  26 urte lehenago.

                       -------------------------------------------------------------------------------------------------------------

 *Estebe Materre

Aita Estebe Materre, San Frantsesen Ordenako fraidea etzen Eskualduna sortzez. Parisen agertarazi zuen 1606an erdarazko lan eder bat: <L’ horloge spirituelle>. Geroztik Sararat ethorri zen eta han, Axular handiarekin menturaz, eskuara ikhasi zuen eta 1617an eskuaraz <Dotrina Christiana> argitaratu. Katichima eder bat “en bascuence hermoso” dio Larramendik. Aitzin solaseko bi lerro emaiten ditugu hemen, irakurleak ikus dezan Axular’en Materre-kilako ahaidegoa.

 Eskualdunen Loretegia. Pierre Lafitte. Baiona, 1931

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: