Axular aski litzateke Monteverdi euskaratzeko
Bikaintasun-maila horretara iristen ez garen entzule arruntok ez gara nor adituon iritzirik epeltzeko nahiz, zenbait unetan, ez lokartzeko ahaleginik franko egin behar izan. Zalantzan ere ez dugu zalantzan jarriko, Claudio Monteverdiren maisutasuna, merituren bat onartu beharko baitiogu laurehun urte geroago bi mila lagun biltzeko gauza den ereslariari. Are gutxiago gogoan izanda, Monteverdi bera izan zela pizkundetik barrokora bitarteko zubigintza burutu zutenetakoa. Baina, horrenbeste bikaintasunen artean, zilegi bekit esatea, libretoaren euskarazko itzulpena ez zitzaidala maila berekoa iruditu.
Lehen eta behingoz, ez naiz batere fio gaztelaniazko hamar-hamabi hitzetako esaldiak itzultzeko euskarazko sei edo zazpi nahikotzat jotzen duten itzultzaile “minimalistez”. Eta, zer esanik ez, XVI. edo XVII. mendeetarako euskarak landuak zituen moldeak oraindik ere ezagutzen ez dituzten “profesionalez”.
Behar bada zail gerta dakioke euskarari XXI. mendeko azken teknologiaren erronkei erantzutea; baina, nago, XVII. mendeko eliza-terminologia orduandik dagoela, gurean ere, dezente landua eta zabaldua.
Ezin ulertu nola arraio "ensalzó a los humildes" eta "gora jaso zituen ezerezak" elkarren pareko jotzen dituen itzultzaileak dirauen oraindik merkatuan, edo "bendecir " adierazteko "grazia ixuri” aukeratzen duen profesionalak lanean jarraitu ahal duen.
Bistan da horrelakorik egiteko gauza den sasi-itzultzaileak ez duela sekula ez Detxeparerik eta ez Axularrik irakurri, ezer gutxi dakiela euskal literatura klasikoaren berri eta ez duela inoiz egin... ezta meza-laguntzailearenak ere.
Bikaintasuna? Zein bikaintasun-mota da hori?