Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Avatar: teknologia asko eta gidoi gutxi

Avatar: teknologia asko eta gidoi gutxi

Amatiño 2009/12/19 22:33
Aspaldi agindu nion nere buruari ez nintzela gehiago joango animalia antzeko humanoide-filmik ikustera eta, oraingo honetan, “Na’viak” ikustera joan naiz, animalia itxurarik ez dutenaren aitzakiaz eta “Avatar” delako filma zinegintzaren historia aldatzera datorrelakoan. Auskalo aste neketsua izan den, agure-zahartzen ari naizen edo, beste barik, film aspergarri samarra ote baina, zenbait minututan, lo hartu dut.

Aurrenengoan (The death of the World) ere zalantzan jarri nuen  2012  izeneko filma zer ote zen gehiago: teknologia ala Zazpigarren Artea. Eta  James Cameronen Avatar delakoaz ere beste horrenbeste esan dezaket egiari batere zorrik gabe.

Filmaren irudiak (3D bertsioan, behintzat) ikaragarriak dira aurrenengo sekuentziatik beretik hasita eta bideo-klipak egiteko materiala nahi beste biltzen da pelikulan zehar. Baina ordu bi t’erdi luzetan etenik gabeko bideo-klipak bata bastearen ondoren ikustea, errenkadan, aspergarri samar gerta dakioke edonori kasurik onenean ere. Berriz diot, momenturen batean lo seko geratu naiz eta neska onak eta mutil onak elkarri maitasuna agintzen dioten unean iratzarri. Ez neri, beraz, enda bien arteko maitasun-atarikoen berri galdera askorik egin.

Hala ere, seguru gero ez dudala larregirik galdu, filmak, oro har ere, ezer gutxi du-eta, ez baita ganorazkorik ezer pasatzen. Bailando con lobos filmaren goi teknologiazko bertsio eskasa baino ez da. Eta oraingoan ere, orduan bezalaxe, arkuz eta geziz hornitutako leinu atzeratuek irabaziko diete armarik garatuenez ari diren kanpotarrei. Kontua da, ordea, Kevin Costner-en filma XIX. mendeko far westen gertatzen dela eta James Cameronena, aldiz, hiru mende geroago, 4,4 argi-urtera omen dagoen Pandora planetan.

Filmaren onetan eskainitako zenbait marketing-informaziotan azpimarratu denez gero, lortutako efektu bereziak horren ona dira eze, ikusentzulea teknologiaz arduratzeari muzin egin eta erabat murgiltzen dela, buru-belarri, argumentuaren baitan. Baina ez da inondik ere egia, alderantziz baizik. Alegia, argumentua hain da hutsa, antzua eta aldez aurretik jakinekoa, ikusentzuleak ez duela filman zehar beste entretenimendurik teknologiaren nondik norakoa susmatzen jardun eta lortutako emariak miretsi baino.

Avatar filma hau dela-eta, hainbatek iragarri du dagoeneko zine-historiaren aldaketa. Auskalo aldaketarik izango ote den baina, izatekotan, ez zinearen narrazio-moldeei dagokienez, produkzio-moduari baino. Duela hogeita hamar urte gauza beretsua esan zen Star Wars (Izarretako gerrak, George Lucas, 1977) filmaren efektu bereziak antenan azaldu zirenean baina, esanak esan, ez dirudi zine-generoa nabarmenegi aldatu denik geroztik.

Hala ere, izan badira ekoizpen honetan arlo klasiko bi James Cameronek zaharkitutzat jo dituenak eta amortizatutzat alboratu: makillaje, estudio eta dekoratu fisikoak.  Hurrengoan, behar bada, aktore-aktoresa fisikoak alboratuko ditu. Orain arte ikusi ahal izan dugunez, zenbat eta aurrekontu gehiago, are benetako aktore-aktoresa gutxiago. Martxa honetan  Oscar sariak bigarren eta hirugarren mailako protagonistek irabaziko dituzte.

Azken bitxikeria. Filma honetarako apropos asmatutako hizkuntzaz mintzo dira Na’viak. Oinarrizko hizketak milaren bat hitz omen ditu eta baita nolabaiteko joskera eta morfologia ere.

                                

Goian Zoë Saldana aktoresa, behean Neyriti na'via                      

                      

Beheko irudia guztiz birtuala da. Ez da aktoresa makillatuaren karakterizazioa, erabat ordenagailuz sortua baizik. Den-dena gero, begiak, soina, jantzia, zuhaitza zein paisaia. Izatez, hiru metroko "gizakia" da. Aktoresak, nolabait esateko, oinarrizko mugimendua eta "arima" besterik ez ditu jartzen.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: