Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "Auzo-berrikuntza", euskal erronkarik handienetakoa

"Auzo-berrikuntza", euskal erronkarik handienetakoa

Amatiño 2015/08/21 00:10
Nekazaritzan ez ezik, industrian ere, elkarren arteko "auzo-lana" baliagarri baldin bada finantziazioa, logistika, ekoizpena, katalogoaren aniztasuna eta sare komertziala hobetzeko eta lehiakortasuna areagotzeko, "auzo-berrikuntza" ez al da, aldi berean, erabat onuragarri izango?

Inork ez du honezkero ukatzen enpresek behar-beharrezko dutenik berrikuntza, aurrera egingo badute gero eta merkatu zailago eta lehiakorragoan. Baina enpresa guztiek ez dute behar adinako dimentsiorik etengabeko berrikuntzan aritzeko. Asmatzailerik handienari burutapenak agortzen zaizkio eta sortzaile-talderik jorienak eta irudimentsuenak ere topeak ditu. Ideia berriak ez dira perretxikoak balira bezala, egun batetik bestera, ernaltzen. Asmatzaile bakartiaren zein enpresa soilaren irudimen mugatuari erantzuteko suspertu da “berrikuntza Irekia”.

Gaur egun erosi ohi ditugun produktu guztien hiru laurdenak ez zeuden mende hasieran. Azken hamar-hamabost urteotan asmatuak, egokituak edo berrituak dira eta, ez punta-puntako bata zuridun zientzialari azkarren batek sortuak, egunez eguneko hainbat lan-talde apal samarren zubigintzaren ondorioz kateatuak baizik.

Enpresen arteko lankidetza ez da berria. Michael Porter–en eraginez 1990 hamarkadan zehar loratu zen kluster-filosofiak --eta nazioen lehiakortasunak-- jarraipen handia izan du Euskal Herrian. Baina, “Berrikuntza Irekia” kontzeptua Henry Chesbrough irakasleak plazaratu zuen estreinako 2003an (Open Innovation: the new imperative for creating and profiting from technology).

Berrikuntza Irekiak garapen unibertsala izan dezake, jakina; baina, aukeran, ezin aproposagoa dateke nolabaiteko “lurralde-oinarria” duten enpresentzat, euskal enpresentzat hain zuzen ere.

Alegia, kluster-sistemaren aitak, Michael Porterrek, lurraldetasuna azaldu zuen, sortze beretik, bere lan-ereduaren oinarri eta lagungarri, eremu hurbil jakin bateko enpresak elkarren osagarri izan zitezkeelakoan.

Nik dakidanez, Henry Chesbroughek, globalizazio amorratuaren garaikide denez gero, ez du lurraldetasunaren ekarpenik inon azpimarratu; baina, lurraldetasun-faktoreak ez al lioke mesederik baino eragingo berrikuntza irekiari?

Beste modu batez esanda, klusterren nolabaiteko "auzo-lana" baliagarri baldin bada finantziazioa, logistika, ekoizpena, katalogoaren aniztasuna zein sare komertziala hobetzeko eta lehiakortasuna areagotzeko, berrikuntza irekiaren "auzo-berrikuntza" ez al litzateke, era berean, erabat onuragarri izango?

jaime
jaime dio:
2015/08/23 18:37
Oker ez banago, joan den mendeko zazpigarren hamarkadaren bukaeran, garai haietako komunikabideek, adierazpen harrigarri bezain itxaropentsu batez piztu zuten gure arreta, hots, errobotikari ezker orduan arte ezagutzen ez genuen bizitza kontzeptu berri bat ate joka ari zen: Aisiaren kultura. Hori horrela izanik, gizakiak, lanaren morrontza arinduta, bere burua kulturaz janzteko aukera egokia irabaziko luke.
Usteak ustel. Kapitalak bereganatu zituen errobotika eta bere onurak. Orduan hasi zen langabeziaranzko langileen exodo dramatikoa. Agur aisiaren kulturari, agur norberaren eboluzioari, agur esperantza guztiei! Beste munstro bat jaioa zen: LEHIAKORTASUNA!
Munstroa jainko bilakaturik, ahaztu gara gizakiaz. Txotxongilo bagina bezala, planeta honetako hariak mugitzen dituztenek ezinbesteko feudalismo, edo esklabotza, berri batera bideratzen gaituzte. Honen aurka borrokatzeko behargin guztien batasuna lor dezan leader mundial bat agertzen ez ba da, gureak egin du, behin betirako!!
 
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: