Autodefentsarien malurrak eta paradoxak
Anglosaxoi tradizioan oro har eta Ipar Ameriketakoan bereziki, nork bere burua armaz defenditzeko eskubidearen kulturak hiru “etsai-motari” erantzuteko prest egon nahi edo behar izanak du oinarri, hots: kanpoko erasoei, estatuaren gehiegikeriei eta bertako gaizkile arruntei.
Irudimen handia edo lar paranoia behar da gero hiru arrazoi horietarikoren batek oraindik indarrean dirauela uste izateko. Ez du ematen, ez, EEBBen armadak hiritarren laguntzaren zain dagoenik munduan zehar poliziarenak egiteko. Ezin esan ere gobernu federalak edozein demokrazia homologatutan ohi den baino gehiago kontrolatzen duenik hiritar estatubatuarra.
Eta, hirugarrenik, iruditu ere ez dirudi 315 milioi estatubatuarren artean dauden 300 milioi armok inor defenditzeko balio dutenik. Alderantziz, azken hogeita hamar urteotan (1982-2012) nork bere burua defenditzeko arma horiek 289 lagun erail dituzte (73 ume), eta biktimei euren burua defenditzeko aukerarik txikerrena eman gabe, gainera.
Nork bere burua defenditu behar izanak goiburutzat duen gizartearen malurrak eta paradoxak.
Gurean aldiz, arazoa desberdina da: gaizkile bat sartzen bazaigu etxean, oso zaila izango da gure bizitza eta familiarena zaintzea erabat desarmaturik garelako, oro har. Armaturik bagina ere, gaizkilea zauritzen badugu arazo larriak izango genitzake Justiziarekin. Ikusten denez, nahiz maila altuko nahiz maila baxuko gaizkileen interesak ongi bermatuak daude hemengo Kode Penalean.
Nork esan zuen: norberaren etxea bere gaztelua da?