Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ñabardurak galtzen

Ñabardurak galtzen

Amatiño 2014/10/20 23:55
Nire ohiko botikariak ikaragarri ondo egiten du euskaraz. Bizkaieraz. Ez diot sekula urterik galdetu baina, esango nuke, adinez behintzat, nire alaba izan zitekeela. Hala ere, sasoiko gutxik bezain ondo berba egiten du, jator, samur, jariotsu. Horregatik, behar bada, nabarmen konturatzen da botikara joaten zaizkion bezero asko ez direla “matiz” guztien jabe.

Orain hurrengo, belar-kontutan geniharduela, loa errazteko belarrez hain zuzen (pasio-loreaz, mitxoletaz, izpilikuaz, garraiskaz, belar bedeinkatuaz eta beste hainbatez), hosto bi elkarren artean  berdintsuegi-edo iritzi eta, zera esan nion:

 Honeek, barriz, bedar-mota berbera emoten dabe…

Eta berak, zati batean belar-kontuak itxi eta euskara-gaiei amain emanez, esan zidan harritu-antza:

 Ene! Berbera… zenbat urte ete dira holakorik ez dotela entzun!

 Txarto irixten jatzu ala… Zelan esan beharko neuke ba?

 Ez, ez. Zuk diñozuna ondo dago, baina orain inork ez dau holakorik esaten.

 Eta zer esaten dabe ba?

Bardin, berdin… orain dana da berdina edo desberdina.

 Baina... bardina eta berbera gauza bi zeharo diferenteak dira barren!

 Bai, baina urteak dira horreek "matizok" galdu zirala. Jendea ez dago orain "matiz" haunditarako.

Ez dakit ba nik gaur egungo gazte jendeak zer dioen baina, berdin eta berbera hitzen esangura bereiztu ez izana ñabardura soila baino larriagoa iruditzen zait. Izan ere, ba al dago benetan erdipurdiko euskaldunik  “birritan auto berbera ikusi” eta “behin auto berdin bi ikusi” esaldien artean alderik sumatzen ez duenik?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: