Australia
Arrazakeriak edozenbat bertsio izan du historian zehar eta, nolabait esateko, 'zibilizatuenetakoa' Australian gertatu zen aurreko mendean, ehun mila ume aborigen senitartetik atera eta kristau-misiotara eraman baitzituzten zibilizazioaren izenean, gobernuaren aginduz, elizaren bendeinkazioaz eta australiar gizarte zuri osoaren jaramonik ezaz.
Bekatu kolektibo eta historiko hura zuritzera dator Australia filmea, gurean Gabonetan estreinatu eta, Nicole Kidman eta Hugh Jackman australiar bikotea tarteko, segurutik arrakasta galanta lortuko duena.
Australia pelikula arras epiko, erromantiko eta abertzalea da, Doctor Zhivago, Afrikako memoriak edo Bailando con lobos titulu ospetsuen ildotik. Baloreak dituen filmea. Balore moralak, etikoak, estetikoak, artistikoak eta sentimenduzkoak. Jakina, ez da saiakera filosofikoa, zine komertziala baizik; entretenigarria eta zirraragarria, hori bai.
Zenbaitek esango du filmea ez dela horren gai larriak behar lukeen bezain zorrotza. Ia hiru ordutan ez duela errudunik nabarmen salatzen. Gehiago dela borreroak lasaitzeko biktimak erridimitzeko baino. Behar bada, arrazoi du. Baina zinegintzan inork ez ditu ehun milioi euro gastatzen munduarekin haserretzeko, publikoa erakartzeko baino.
Bai. Australia zinea baino ez da. Mick Jaggerrek esango lukeen bezala: “Zinea besterik ez da, baina gustatzen zait”. Eta neri, gustatu gustatu, filme honetako Nicole Kidman inoiz baino gehiago, sekuentziarik atzenenetik atzenenera batez ere. Matazaren barnean, berriz, hasi eta buka, Nullah.